AGIRREBURU

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Kalkolitoa-Brontze Aroa (K. a. 3.200-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Agirreburu mendian, Elosuatik Agirreburuko antenaraino igotzen den errepidetik 13 metrotara.
    Dolmen hau harrizko harlauzazko ganbera batez osatuta zegoen, eta tumulu batez estalita. Azken indusketan egiaztatu zen egitura, hondatuta egon arren, osorik dagoela. Giza gorpuzkiak aurkitu diren elementu bakanetako bat da.

    Dimentsioak

    Tumuluak 11,5 m-ko diametroa eta 0,75 m-ko altuera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973). J. Tapiak 2019an indusi zuen eta 2020an zaharberritu.

    Aurkikuntzak

    Indusketa hasi aurretik dolmena arpilatuta zegoen, baina indusketan giza hezurrak eta zeramika-ontzi baten zatiak berreskuratu ziren. 2002an, garbiketa batzuen ondorioz, harrizko aizkora bat aurkitu zen tumuluaren gainazalean. 2019ko indusketan giza hezur eta zeramika gehiago aurkitu ziren, baita leundutako harrizko beste aizkora bat.

    Nabarmentzekoa

    Elosua-Plazentzia multzoan, Agirreburu giza hezurrak eman dituen monumentu gutxienetako bat da. Tamalez, 1921ean jasotakoak galdu egin ziren, eta balio handiko informazioa eman zezaketen gaurko ikerketarako (ADN, elikadura, antropologia, etab.). 2019an Agirreburu berriz indusi da, giza hezur gehiago aurkitu dira, eta lan horien ondorioz zaharberritze-proposamen berriak aztertzen ari dira.

    FRANTSESBASOA

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Azkoitia – Bergara
    • Kokapena: Elosumendi eta Sorusaitza artean, Frantsesbasoa izeneko lekuan.
    Ehorzketa ganbara txiki honen hiru harlosa berreskuratu dira, tumulu txiki batez inguratuta. Mota honetako monumento megalitikoak zista izenarekin ezagutzen dira, eta banakako erabilera iradokitzen dute.

    Dimentsioak

    Tumuluak 3,5 m-ko diametroa eta 0,1 m-ko altuera du. Harlosak 1,5 m-ko luzera, 0,5 m-ko altuera eta 0,2 m-ko lodiera dauka.

    Ikerketa lanak

    2001ean B. Barrerok, I. Gazteluk, G. Mercaderrek, L. Millánek eta M. Tamayok aurkitu zuten. 2019an J. Tapiak indusi eta zaharberritu zuen.

    Aurkikuntzak

    4 suharri, 2 arroka kristal prisma, eta sumendi beira zati bat aurkitu dira. Ez da metalik, zeramika zatirik edo giza hondarrik aurkitu.

    Nabarmentzekoa

    2019an indusi eta zaharberritu egin zen. Tamaina txikiko dolmena da, 1,5m ingurukoa, banakako erabilera iradokitzen duena.

    MAURKETA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Maurketa lepoan, Frantsesbaso eta Leiopagoren arteko zabalgune batean.
    Ganbararik ez da ezagutzen eta tumulu handi batez osatuta dago. Erdian arpilatze-zulo bat dauka eta tumuluaren ertzeraino zabaltzen da.

    Dimentsioak

    Tumuluak 16,5 m-ko diametroa eta 1,6 m-ko altuera du. Arpilatze-zuloak 5 m-ko diametroa eta 1,3 m-ko sakonera du.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan suharri landu bat, Kuartzo-kristal bat (gatzarria) eta hiru lepoko ale aurkitu ziren, horietatik bat hezurrezkoa eta beste biak harrizkoak.

    Nabarmentzekoa

    Estazioko beste adibide batzuetan aipatu den bezala, hemen ere harkaitzezko zorua zulatua izan zela ikusi zuten arkeologoek, baina ez dago argi sakonune hori arpilatze-lanen ondorio den, edo jatorrizko egituren parte bazen.

    KEREXETAEGIA HEGOKOA

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Kalkolitoa-Brontze Aroa (K. a. 3.200-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Leiopago mendiko zabalgune batean, Bergara-Azkoitia mugatik gertu.
    Hileta-ganbara hainbat harlosaz osatuta zegoen, eta beste harlosa handi batek ganbara estaltzen zuen. Gainetik, egitura osoa harrizko tumulu batez estalita zegoen. Jatorrizko egitura horretatik, 1921ean hiru harlosa kontserbatzen ziren soilik, estalkia erorita zegoen, eta tumulua lubaki zabal batez moztuta zegoen. Gaur egun ikus daitekeena emaitza zientifikoetan oinarritu den berreraikitze-proiektu baten ondorioa da.

    Dimentsioak

    17 m-ko diametroa eta 1,8 m-ko altuera duen tumulua. Ganbarak gutxi gora behera 2 x 1,5 m-ko zabalera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Ordurako monumentua arpilatuta zegoen lubaki handi batez, eta ganbararen estalkia erorita zegoen. 1980ko hamarkadan pertsona partikular batzuek zaharberritze saio bat egin zuten, estalkia mugituz. 2014an, M. Ceberiok indusketa eta topografia zehatz bat egin zuen. Datu horietan oinarrituta, 2018an Bazetak, Telleriak eta Aguirrek berreraikitze proiektu bat garatu zuten eta egungo itxura eman zioten monumentuari. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    1921eko indusketan harrizko aizkora bat, gezi punta bat, bi arraspa, bi suharrizko printza eta zeramika zati bat aurkitu ziren. 2014ko indusketan 17 zeramika zati eta 7 suharri aurkitu ziren.

    Nabarmentzekoa

    Kerexetategi hegokoa estazio osoan hobeto kontserbatu den trikuharria da, eta horregatik posible izan da berreraikitzea. Gainera, pieza gehien eman dituen monumentuetako bat da, Gizaburuagarekin batera. Gaur ikus daitekeen ganbarari harlosa batzuk falta zaizkio, baina horrela uztea erabaki zen ganbararen barrualdea ikusi ahal izateko. Tumulua mozten duen lubakia 1921ean eginda zegoen, eta hori ere irekita uztea erabaki da egituran sartu ahal izateko.

    KEREXETAEGIA IPARREKOA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Kalkolitoa-Brontze Aroa (K. a. 3.200-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Leiopago mendiko zabalgune batean, Bergara-Azkoitia mugatik gertu.
    Monumentuaren tumulua kontserbatzen da soilik, bertako basalto-harriez osatua. Tumuluan zulo zabal bat ikus daiteke, 0,7 metroko sakonera duena.

    Dimentsioak

    Tumuluak 11-9 m-ko diametroa eta 0,8 m-ko altuera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketaren ondorioz hezurrezko lepoko bakar bat aurkitu zen, gaur egun galduta dagoena.

    Nabarmentzekoa

    Aurkitutako material arkeologikoa gutxi bada ere, lepokoak hezurra denboran zehar kontserbatu dela adierazten du, eta agian giza hezurren zatiak kontserbatu daitezke indusi gabeko lurretan. Hildakoak euren jantzi eta apaingarriekin batera ehortzen ziren dolmenetan, eta horregatik sarritan aurkitzen dira lepokoak.

    KEREXETA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Azkoitia
    • Kokapena: Kerexetako lepoan, Irukurutzetako hegoaldeko magalean.
    Beste kasu askotan bezala, jatorrizko egitura arpilatua izan da eta harrizko tumulua baino ez da ikusten. Tumuluak sakonean 0,5 metroko zuloa dauka erdian. Dolmen bat ba ote zen zalantzak badaude, zuloaren ondoan harlosa bat ikusten baizen; baliteke harlosa hori suntsitutako ganbararen zati bat izatea.

    Dimentsioak

    Tumulak 17 m-ko diametroa eta 0,30 m-ko altuera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Indusketa hasi zenean tumuluaren altuera 1,5 metrokoa zen eta harlosa zuloaren ertzean zegoen. Indusketaren hondoan harrizko zorua zulatuta zegoela ikusi zen. Antzeko beste sakonune batzuk ere aipatzen dira Karakateko zenbait dolmenen hondoetan, baina ez dago argi horiek arpilatze-lanen ondorio diren, edo jatorrizko egituren parte badiren. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Historiaurreko material gutxi batzuk baino ez ziren aurkitu: suharrizko printza bat eta ijelki bat. Horiekin batera, material garaikideak aurkitu ziren: berunezko pieza bat, eskoria zatiak, abere hezurrak eta ontzi zatiak.

    Nabarmentzekoa

    Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek dolmentzat hartzen zuten Kerexeta. Eurentzako, jatorrian dolmen bat izandako egitura zen hura, geroago arpilatua eta suntsitua izan zena. Horren lekuko izango lirateke bala eta gainerako material garaikideak; eta 1982ko Karta Arkeologikoan ikus daitekeenez, monumentuaren suntsipena duela gutxi arte jarraitu da.

    AIZPURUKO ZABALA

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Bergara – Soraluze
    • Kokapena: Kurutzebakarreko hegoaldeko magalean, Aizpuruko Zabala izeneko lekuan.
    Jatorrizko ganbararen harlosa bakar bat ikusten da gaur, eta bere inguruan harrizko tumulua ikus daiteke, bertako basaltoez eginda. 1921ean, ordea, ganbarako hiru harlosa kontserbatzen ziren, eta bere orientazioa Ekialde-Mendebaldera zen.

    Dimentsioak

    Tumuluak 13 m-ko diametroa eta 1,2 m-ko altuera du. Arpilatze-zuloak 3,5 m-ko diametroa eta 0,5 m-ko sakonera du. 1921ean aurkitutako harlosen neurriak dira: a) 2,1 m-ko luzera, 1,7 m-ko altuera eta 0,25 m-ko lodiera; b) 0,5 m-ko luzera, 1,3m-ko altuera eta 0,15 m-ko lodiera; c) 0,8 m-ko luzera eta 0,3 m-ko lodiera.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan suharri landu bat, printza bat eta hezurrezko hiru lepoko ale aurkitu ziren.

    Nabarmentzekoa

    Antzeko lepoko aleak Kerexetategi Iparrekoan aurkitu ziren, eta landutako suharri-mota berdina (triangelu forma emanda) Irukurutzetan ere aurkitu zen.

    IRUKURUTZETA

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Irukurutzetako gailurraren ondoan, ipar-Mendebaldera dagoen lepoan.
    Jatorrizko ganbararen harlosa bakar bat kontserbatzen da, eta bere inguruan harrizko tumulu handi bat ikusten da, bertako basaltoez eginda. Tumularen erdian arpilatze-zulo handi bat dago, eta bere barruan harlosa bakarra ikus daiteke.

    Dimentsioak

    Tumuluak 19 m-ko diametroa eta 1,8 m-ko altuera du. Arpilatze-zuloak 4 m-ko diametroa eta 0,7 m-ko sakonera du. Ganbarako harlosak 1,6 m-ko luzera, 1,2 m-ko zabalera eta 0,4 m-ko lodiera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. 2018an J. Tapiak indusi zuen. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketetan historiaurreko material batzuk berreskuratu dira, nahiz eta monumentua oso hondatuta eta nahastuta egon. 1921eko indusketan bi suharri zati aurkitu ziren, Frantsesen gerrako eta Aro Modernoko materialekin batera (txanpona, balak). 2019ko indusketan gezi punta bat, arraspa bat, bi suharri printza eta zeramika zati bat aurkitu dira, hauek ere material modernoekin nahastuta. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Nabarmentzekoa

    Harlosan margotutako grafitti batean, 1878an ehorzketak aurkitu zirela aipatzen da, eta Frantziar txanpona 1793 urtekoa da. Horrek arpilatze-lanen antzinatasuna adierazten du, baina hala eta guztiz ere, frogatu da historiaurreko materialak berreskuratzeko aukerak badaudela oraindik.

    ARRIBIRIBILLETA

    • Mota: Monolitoa
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Bergara
    • Kokapena: Irukurutzeta mendian, Kurutzezarra izeneko gailurrean, Bergara eta Elgoibar arteko mugan.
    Harrizko tontor txiki batean etzanda zegoen monolitoa. Azken ikerketa arkeologikoaren ondorioz monolitoa zutarri bat izan zela egiaztatu zen, eta zutik jarri egin zen.

    Dimentsioak

    Monolitoak 3,5 m-ko luzera, 1,6 m-ko zabalera eta 0,5 m-ko lodiera dauka. Monolitoa zutik eusteko hobiak 1,9 x 1,3 m-ko zabalera eta 0,6 m-ko sakonera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Indusketa hartan mugarriak egiaztatzeko jartzen diren lekukoak aurkitu ziren (ikatzak, teila zatiak). Lekuan Bergara eta Elgoibar arteko muga dagoenez, eta indusketan beste ezer aurkitu ez zenez, arkeologoek monolitoa mugarritzat hartu zuten. 2002an J. Castrok Arribiribileta trikuharri bat zela salatu zuen, muninoa tumulutzat eta monolitoa ganbararen estalkitzat hartuta. Urte berean Altunak, Del Barriok, Fernándezek, Mariezkurrenak eta Turrillasek aurkikuntza baieztatu eta seinaleztatu zuten. 2013an, M. Ceberiok eta J. Tapiak lekua indusi, eta trikuharririk ez zegoela frogatu zuten; muinoa harrizko formazio naturala da eta bertan mugarri bat egon zela egiaztatu zen. Alabaina, mugarria hartzeko hobia historiaurrean zulatua izan zen: betelan modernoaren azpitik, beste betelan zaharrago bat aurkitu zen hobiaren hondoan, eta suharri zatiak aurkitu ziren. Monolitoaren eta zuloaren 3D ereduak eratu ziren, eta neurriak, pisuak eta indarrak aztertu ondoren, zutarria berreraikitzea erabaki zen.

    Aurkikuntzak

    Indusketan bi suharri zati aurkitu ziren soilik, baina lorpenik garrantzitsuena zuloaren eta blokearen azterketa zehatza izan zen.

    Nabarmentzekoa

    Arribiribileta Dolmenen ibilbidea egitasmoaren lehen urratsa izan zen. Ordura arte, euskal megalitismoaren ikerketan ez zen halako planteamendu zorrotzik abian jarri.

    KURUTZEBAKAR

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Bergara – Soraluze
    • Kokapena: Kurutzebakarreko gailurraren ondoan.
    Ganbararik ez da ezagutzen eta tumulu zirkular batez osatuta dago, erdian arpilatze-zulo bat duena.

    Dimentsioak

    Tumuluak 10 m-ko diametroa eta 0,8 m-ko altuera du. Arpilatze-zuloak 3 m-ko diametroa eta 0,9 m-ko sakonera du.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan historiaurreko pieza bakar bat aurkitu zen, kuartzo-kristal bat (gatzarria), Aro Modernoko materialekin batera (fusil-harri bat, bala bat).

    Nabarmentzekoa

    Estazioko beste adibide batzuetan aipatu den bezala, hemen ere harkaitzezko zorua zulatua izan zela ikusi zuten arkeologoek, baina ez dago argi sakonune hori arpilatze-lanen ondorio den, edo jatorrizko egituren parte bazen. Materialei dagokienez, kuartzozko zinginarriak (edo gatzarriak) sarritan aurkitzen dira dolmenetan hildakoen ostilamendu gisa. Irukurutzetan eta Kerexetan bezala, hemen ere Frantsesen gerratan tiroketak izan ziren, fusileriako materialak adierazten duen bezala.

    NASIKOGOENA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Soraluze
    • Kokapena: Nasiko Goena izeneko lekuan, Kurutzebakar mendiaren eta Pagobedeinkatua lepoaren tartean.
    Ganbararik ez da ezagutzen eta tumulu zirkular batez osatuta dago, eta bere ertzetik erdiraino lubaki bat ikus daiteke.

    Dimentsioak

    Tumuluak 9 m-ko diametroa eta 1,5 m-ko altuera dauka. Lubakiak 7,5 m-ko luzera eta 2 m-ko zabalera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan ez zen materialik aurkitu.

    Nabarmentzekoa

    Nasikogoena, Pagobedeinkatuaren kasuan bezala, mendilerroa zeharkatzeko igarobide estrategiko batean kokatuta dago. Historiaurreko dolmenak eta tumuluak, lurraldea mugatzeko eta hilen eskutik jabetasuna aldarrikatzeko erabiltzen ziren.

    PAGOBEDEINKATUA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Soraluze
    • Kokapena: Pagobedeinkatua lepoan Atxolin eta Kurutzebakar tartean.
    Ganbararik ez da ezagutzen eta tumulu zirkular batez osatuta dago, erdian arpilatze-zulo bat duena.

    Dimentsioak

    Tumuluak 8,5 m-ko diametroa eta 0,8 m-ko altuera dauka. Zuloak 0,5 m-ko sakonera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan suharrizko printza bat aurkitu zen. 2017ko miaketetan beste suharri zati txiki bat aurkitu zen tumuluaren ondoan.

    Nabarmentzekoa

    Tumulua oso leku ezagunean dago kokatuta, eta igarobide estrategikoa okupatzen du mendilerroa zeharkatzeko. Paisaiaren erreferentzia bihurtuta, ez da arraroa bere inguruan hainbat mito, erromeria eta sinesmen sortu izana.

    AZKOIN

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    • Kokapena: Atxolingo Hego-Ekialdeko magalean, Pagobedeinkatuarako bidean, pagadi batean.
    Ganbararik ez da ezagutzen eta tumulu handi batez osatuta dago. Erdian arpilatze-zulo bat dauka.

    Dimentsioak

    Tumuluak 16 m-ko diametroa eta 1,2 m-ko altuera du. Arpilatze-zuloak 3 m-ko diametroa eta 0,7 m-ko sakonera du.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan suharri bakar bat aurkitu zen.

    Nabarmentzekoa

    Estazioko beste adibide batzuetan aipatu den bezala, hemen ere harkaitzezko zorua zulatua izan zela ikusi zuten arkeologoek, baina ez dago argi sakonune hori arpilatze-lanen ondorio den, edo jatorrizko egituren parte bazen.

    ATXOLINTXIKI II

    • Mota: Zista
    • Garaia: Brontze Aroa (K. a. 2.000-1.000)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    • Kokapena: Atxolingo gailurretik 150 m-tara, harkaitz tarteko zabalgune batean.
    Harrizko ganbara txiki bat dago harrizko tumulu baten erdian. Egituraren gainean pago handi bat hazi da.

    Dimentsioak

    Ganbarak 1 x 0,6 m-ko zabalera dauka eta tumularen diametroa 5 m-koa da.

    Ikerketa lanak

    M. Ceberiok aurkitu zuen 2015ean eta urte berean indusi egin zuen. Pago handi bat gainean hazi zenez, ezin izan zuen ganbara aztertu.

    Aurkikuntzak

    Indusketan ez zen material arkeologikorik aurkitu.

    Nabarmentzekoa

    Egitura mota berri horiek, zistak, dolmenen eboluzio bat dira. Brontze Aroan zehar dolmenak erabiltzen jarraitzen dira, baina aldi berean mota berri hau agertzen da orduan, ganbara txikiagoa duena gorpu bakarra jasotzeko helburuarekin.

    ATXOLINTXIKI I

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    • Kokapena: Atxolingo gailurretik 150 m-tara, harkaitz tarteko zabalgune batean.
    Jatorrizko ganbararen zantzurik ez da aurkitu eta tumulua bakarrik ezagutzen da, bertako basaltoez eginda. Erdian zulo bat eginda dauka, 0,6 m-ko sakonera duena.

    Dimentsioak

    Tumuluak 11 m-ko diametroa eta 0,95 m-ko altuera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan ez zen material arkeologikorik aurkitu.

    Nabarmentzekoa

    Estazioko beste adibide batzuetan aipatu den bezala, hemen ere harkaitzezko zorua zulatua izan zela ikusi zuten arkeologoek, baina ez dago argi sakonune hori arpilatze-lanen ondorio den, edo jatorrizko egituren parte bazen.

    ATXOLIN

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    • Kokapena: Atxolingo gailurrean, harkaitzen artean.
    Jatorrizko ganbararen harlosa bakar bat kontserbatzen da, eta bere inguruan harrizko tumulua ikus daiteke, bertako basaltoez eginda.

    Dimentsioak

    Tumuluak 7m-ko diametroa eta 0,8m-ko altuera du, eta harlosak 1 x 0,6 m-ko zabalera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan ez zen material arkeologikorik berreskuratu. 2017ko miaketa batean suharri zati bat aurkitu zen Atxolingo aldapan, monumentutik 30 m-tara.

    Nabarmentzekoa

    Atxolin Neolitotik aurrera garatzen den lurraldetasunaren adibide argia da, dolmenak kokapen nabarmenetan eraikitzen baitira. Kasu honetan, inguruko paisaia zabala kontrolatzen da Atxolingo gailurretik.

    SABUA

    • Mota: Tumulua
    • Garaia: Brontze Aroa (K. a. 2.000-1.000)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    • Kokapena: Atxolin eta Idoia artean, Atxolindik Ipar-Mendebaldera dagoen zelaigune batean.
    Tumulu txiki bat da eta ez da, momentuz, ganbararik aurkitu. Harkaitz-irtengune baten gainean dago, belarrez estalita, eta inguruko erliebean bereiztea zaila da.

    Dimentsioak

    Barandiaranek 11 m-ko diametroa kalkulatu zuen, baina segur aski harkaitz-irtengunea ere neurtu zuen. Egindako indusketaren arabera, tumuluak 6 m-ko diametroa eta 0,5 m-ko altuera dauka.

    Ikerketa lanak

    1920an J. M. Barandiaranek aurkitu zuen baina ez zuen ondoren induskatu. Geroago ezin izan zen zehaztu zein zen tumulua zelaiko konkorren artean. 2017an J. Tapiak miaketa eta zundaketa arkeologikoak egin zituen eta tumulu txiki bat aurkitu zuen, eta bere ustez hura izan daiteke Barandiaranek esandakoa. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Tumuluaren zati bat baino ez zen indusi eta ez zen materialik aurkitu.

    Nabarmentzekoa

    Tumuluaren neurri txikiak ikusita, baliteke mota berantiarreko monumentu bat izatea, segur aski Brontze Arokoa. Hala ere, sarritan, tumuluak eta dolmenak konkor naturalen gainean eraikitzen dira, egiturari itxura handigoa emateko. Hala egiaztatu da, adibidez, Irukurutzetan. 2019an Sabuan indusketa berriak egingo dira.

    IDOIA (IRUIA)

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K. a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Soraluze
    • Kokapena: Idoia izeneko zabalgunean, Atxolingo Ipar-Mendebaldeko sahietsaldean.
    Jatorrizko ganbararen harlosa bakar bat kontserbatzen da, eta bere inguruan harrizko tumulua ikus daiteke, bertako basaltoez eginda.

    Dimentsioak

    Tumuluak 9 m-ko diametroa eta 0,75 m-ko altuera du, eta harlosak 1,8 x 1,7 m-ko zabalera dauka.

    Ikerketa lanak

    J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta urtebete geroago T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek eta E. Egurenek indusi zuten. Orduz geroztik ez da beste indusketarik egin. Egitura eta materialak hainbat ikerketa-lanetan argitaratu dira: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    Indusketan hiru zeramika zati aurkitu ziren, gaur egungo fauna-hezur batzuekin batera. Zeramika eskuz eginda dago eta Neolito-Brontze-Aroa bitartekoa da.

    Nabarmentzekoa

    Dolmenaren inguruan egin diren miaketa arkeologikoetan historiaurreko aztarna isolatuak aurkitu dira. Lekuak eskaintzen dituen baldintza egokiak (ura, zelaigunea, basoa) historiaurrean ere aprobetxatu zirenen lekuko dira horiek.

    GIZABURUAGA

    • Mota: Dolmena
    • Garaia: Neolitoa-Brontze Aroa (K.a. 4.000-1.500)
    • Udalerria: Elgoibar – Soraluze
    Jatorrizko ganbararen bi harlosa ikusten dira gaur, eta bere inguruan harrizko tumulua ikus daiteke, bertako basaltoez eginda. Harlosatako bat erorita zegoen eta berreraikitze lanetan zutik jarri zen.

    Dimentsioak

    Tumuluak 11 m-ko diametroa eta 0,5 m-ko altuera du. Zutik zegoen harlosak 1,7 m-ko luzera, 0,5 m-ko altuera eta 0,2 m-ko lodiera dauka; etzanda zegoenak, berriz, 1,6 m-ko luzera, 1,1 m-ko zabalera eta 0,2 m-ko lodiera dauka. Zaharberritu ondoren, ganabararen zabalera 1,7 x 1,6 m-koa da.

    Ikerketa lanak

    1920an J. M. Barandiaranek aurkitu zuen baina ez zuen ondoren induskatu. 2016 eta 2017 bitartean, J. Tapiak induskatu zuen eta zaharberritze lanak egin zituen. Egitura hainbat ikerketa-lanetan aipatu da: Aranzadi, Barandiaran eta Eguren (1922), J. M. Barandiaran (1953), J. Elósegui (1953), Gipuzkoako Karta Arkeologikoak (1982, 1990), J. M. Apellániz (1973).

    Aurkikuntzak

    77 zeramika zati, gutxienez lau ontzi desberdinetakoak, eta horietatik ontzi bat ia osorik muntatu ahal izan dena; 12 suharri (arraspa bat, hiru pieza landuta, 7 ijelki zati, printza bat eta nukleo bat; 8 gatzarri edo kuartzo-kristalak; arkulari-besoko bat; harrizko 8 lepoko ale; zorroztarri bat; metalezko 5 apaingarri; giza hezur zatiak, erraustuta (100 zatitik gora); ikatzak.

    Nabarmentzekoa

    Barandiaranek tumulua ikusi zuen soilik, eta ez zuen induskatu. 2016-17ko indusketan ganbara aurkitu zen eta bertan bi erabilpen fase desberdindu ziren: hasierako bat, Neolitokoa, eta bigarren bat, berantiarra, Brontze Arokoa. Bien artean ganbara suntsitu eta harlosatako bat erori egin zen. Azken erabilpen-fasean sinesmenak aldatu ziren, eta hileta-erritua gorpuak ehortzetik erraustera pasa zen.

    San Blas

    Gabonak amaitu diren arren, Debabarrenean negua gozatzen jarraitzen dugu. Otsailaren 3rako gure gastronomia tradizionaleko gozokirik ezagunena egiten dugu: San Blas opila. Zatoz ezagutzera!

    San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon eta Laudion.

    Gure eskualdean, jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.

    Osagaiak

    Orea egiteko:

    • Kilo bat gari-irin
    • 6 arrautza
    • 125 gr txerri-gantz edo gurin edo margarina
    • Kilo erdi azukre
    • Legami zorrotxo bat
    • 15 tanta anis esentzia

    Glasatua egiteko:

    • 2 arrautza zuringo
    • 250 gr azukre-hauts
    • 10 limoi-zuku tanta
    • 10 tanta anis esentzia (aukerakoa)

    Nola egin

    • Labea berotu 180º tan.
    • Irina laneko mahai garbi batean jarri, eta sumendi itxurarekin pilatu.
    • Arrautzak erdian apurtu, eta eskuekin nahastu.
    • Gantza edo ordezkoa gehitu, eskuekin landuz.
    • Pixkanaka azukrea eta anis esentzia gehitu.
    • Orea eskuekin landu, itsasten ez den arte.
    • Bola itxura eman, eta orea tapatuz, ordu erdi gutxienez pausatu giro-tenperaturan.
    • Ondoren, mahaia eta egurrezko arrabola irineztatu.
    • Orea bola txikietan moztu eta lisatu zentimetro erdiko lodieran.
    • Eman nahi den forma plater bat, erretilu bat edo antzekoa erabiliz.
    • Ertzak errematatu daitezke hatzekin pikotxak eginez.
    • Laberatu erdiko erretiluan 15-20 minutu inguru, horitu arte, txigortu gabe.
    • Bitartean, zuringoak elur-punturaino irabiatu.
    • Irabiatzeari utzi gabe, azukre-hautsa, limoi-zukua eta anis esentzia gehitu, kolore zuriko pasta trinko bat osatu arte.
    • Opilak hoztu aurretik glasatua koilara batekin gainetik zabaldu.