Albisteak

Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamargarren urteurrena ospatuko da Debabarrenean

Urriak 19, 2023

Azaroaren 3tik 26ra egingo da Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko bost jatetxetan; bertako produktuekin egindako menu bereziak eskainiko dituzte 35 eurotan.

Azaroaren 3tik 26ra, Debabarrena eskualdeak Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamargarren urteurrena ospatuko du, Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatuta Aurten ere Eusko Jaurlaritza-turismo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo Departamentuaren babesa du ekimenak. Hasi zenetik, ekimenaren helburua izan da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko sukaldari, establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Hamargarren edizio honi hasiera eman zitzaion atzo, urriaren 18an, Errebal Plazian antolatutako dastaketa batekin. Bertan, parte hartuko duten jatetxeko sukaldariek Tripontziak menuko mokadutxo bana prestatu zuten eta egindako elaborazioak azaldu zituzten. Gainera, ardo eta txakoli ekoizleak ere bertan egon ziren menuekin eskainiko diren edarien inguruko xehetasunak nabarmentzen.

Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua eta Soraluzeko Txurruka jatetxeek hartuko dute parte aurtengo edizioan eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak prestatuko dituzte. Menuak 35 eurokoak dira eta barne hartzen dute aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) ditu Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa menuan sartzen dira baita eta aurten, berrikuntza gisa, jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Aimarez upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, Ehun ardo ondua eta Sagarmiña txakolinaz gozatu ahal izango da.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta dezakezu. Beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua dastatu nahi dela aipatuz.

Tripontziak zozketa

Aurreko urteetan bezala aurten ere zozketa bat egongo da. Parte hartzeko jatetxeetan Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko da, datuak bete eta establezimenduan bertan entregatu. Parte-hartzaile guztien artean sari ugari zozkatuko dira: Tripontziak heineko bi menu bi pertsonarentzat.

Bisita gidatuak Tripontziak ekimenak irauten duten bitartean

Era berean eta aurreko urteko arrakasta ikusita, aurten ere, bisita gidatuak antolatu dira Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean, azaroaren 3tik 26ra bitartean. Ostegunetan, bisita kultural gidatuak egiteko aukera egongo da, konkretuki, Mutrikuko Arrietakua Jauregira, Eibarko Armagintzaren Museora, Debako Santa Maria Elizara. Bisita egin eta ondoren, tripontziak menua dastatzea da plan erakargarria proposatzea da bisita hauen helburua.

Larunbatetan goizetan bestalde, bisita gastronomikoak antolatu dira; hauetan bertako produktuak nola egiten dituzten ikusi eta dastatzeko aukera eskainiko da, besteak beste, Chocolates de Mendaro, Goienetxe Gaztandegia, Lizagasar Sagartoki edota Lasturko Taloak. Gainera, bi dastaketez gozatzeko aukera izango da, bata, sukaldari belaunaldi berriaren eskutik, Azitain Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek egindako pintxoak eta , bestea, .Mutrikuko merkatu txikian izango da.

Bisita gastronomikoetan edota kuturaletan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, Debegesara (943 82 01 10) deitu beharko da astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etarako ordutegian edota turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dira plazak agortu arte. Bisiten informazioa debabarrenaturismo.com webgunean dago eskuragarri.

Beste albiste interesgarri batzuk…

San Blas

Gabonak amaitu diren arren, Debabarrenean negua gozatzen jarraitzen dugu. Otsailaren 3rako gure gastronomia tradizionaleko gozokirik ezagunena egiten dugu: San Blas opila. Zatoz ezagutzera!

San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon eta Laudion.

Gure eskualdean, jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.

Osagaiak

Orea egiteko:

  • Kilo bat gari-irin
  • 6 arrautza
  • 125 gr txerri-gantz edo gurin edo margarina
  • Kilo erdi azukre
  • Legami zorrotxo bat
  • 15 tanta anis esentzia

Glasatua egiteko:

  • 2 arrautza zuringo
  • 250 gr azukre-hauts
  • 10 limoi-zuku tanta
  • 10 tanta anis esentzia (aukerakoa)

Nola egin

  • Labea berotu 180º tan.
  • Irina laneko mahai garbi batean jarri, eta sumendi itxurarekin pilatu.
  • Arrautzak erdian apurtu, eta eskuekin nahastu.
  • Gantza edo ordezkoa gehitu, eskuekin landuz.
  • Pixkanaka azukrea eta anis esentzia gehitu.
  • Orea eskuekin landu, itsasten ez den arte.
  • Bola itxura eman, eta orea tapatuz, ordu erdi gutxienez pausatu giro-tenperaturan.
  • Ondoren, mahaia eta egurrezko arrabola irineztatu.
  • Orea bola txikietan moztu eta lisatu zentimetro erdiko lodieran.
  • Eman nahi den forma plater bat, erretilu bat edo antzekoa erabiliz.
  • Ertzak errematatu daitezke hatzekin pikotxak eginez.
  • Laberatu erdiko erretiluan 15-20 minutu inguru, horitu arte, txigortu gabe.
  • Bitartean, zuringoak elur-punturaino irabiatu.
  • Irabiatzeari utzi gabe, azukre-hautsa, limoi-zukua eta anis esentzia gehitu, kolore zuriko pasta trinko bat osatu arte.
  • Opilak hoztu aurretik glasatua koilara batekin gainetik zabaldu.