Albisteak

Eibarko Udalak ondare industrialaren mapa egin du Debegesarekin lankidetzan

Urtarrilak 17, 2024
  • Euskarri fisikoaz gain, mapa formatu digitalean ere eskuragarri egongo da Udalaren webgunean.

Eibarko Udalak, Debegesa, Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, hiriaren ondare industrialaren mapa sortu du. Horretarako, lehendabizi, industria-eraikin esanguratsuenak aukeratu ditu, zehazki, industria-gune gisa herriaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan dutenak. Helburua da bisitariak erakartzeaz gain, hiriaren ondare industriala aintzat hartzea eta balioestea.

Mapa hau Eibarko turismo industrialaren alde emandako beste pausoetako bat da. Proiektuak hiri armaginaren industria-ondare aberatsa islatzen du eta haren industria-arkitektura berezia eta bakana. Mapak eraikinaren kokalekua erakusten du eta bertan izandako jarduera ekonomikoa. Gainera, maparen atzealdean herritarrentzat aski ezagunak diren enpresa hauen antzinako logo eta produktuekin egindako collage bat osatu da.

Armagintza herriaren espezializazioa izan zen mende luzeetan zehar eta zailtasun eta krisi garaietan Eibarrek egokitzeko izan duen gaitasunari esker, industria-sare nabarmen bat garatu zen enpresa eta produktu ugarirekin. Produktu horiek kokatu eta biltzeko sortu da mapa, bisitarientzat ez ezik, baita bertako eta inguruko jendearentzat ere. Bertan ikus daitekeenez, egun, enpresa horietako batzuek martxan jarraitzen dute, baina beste batzuek ez.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “mapa honek balioa eman nahi dio Eibarren dugun ondare historiko eta industrialari. Fabrika enblematikoen presentziak aztarna historiko paregabea utzi du; kasu batzuetan jakin izan dugu lantegi horiek etxebizitza bihurtzen eta, beste batzuetan, industria-erabilera izaten jarraitzen dute”.

Industria-ondarearen mapa eskuragarri egongo da Armagintzaren Museoan, eskualdeko turismo bulegoetan eta herriko ostatuetan. Horretaz gain, formatu digitalean eskuratzeko aukera ere egongo da Eibarko Udalaren webguneko turismo atalean.

Beste albiste interesgarri batzuk…

San Blas

Gabonak amaitu diren arren, Debabarrenean negua gozatzen jarraitzen dugu. Otsailaren 3rako gure gastronomia tradizionaleko gozokirik ezagunena egiten dugu: San Blas opila. Zatoz ezagutzera!

San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon eta Laudion.

Gure eskualdean, jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.

Osagaiak

Orea egiteko:

  • Kilo bat gari-irin
  • 6 arrautza
  • 125 gr txerri-gantz edo gurin edo margarina
  • Kilo erdi azukre
  • Legami zorrotxo bat
  • 15 tanta anis esentzia

Glasatua egiteko:

  • 2 arrautza zuringo
  • 250 gr azukre-hauts
  • 10 limoi-zuku tanta
  • 10 tanta anis esentzia (aukerakoa)

Nola egin

  • Labea berotu 180º tan.
  • Irina laneko mahai garbi batean jarri, eta sumendi itxurarekin pilatu.
  • Arrautzak erdian apurtu, eta eskuekin nahastu.
  • Gantza edo ordezkoa gehitu, eskuekin landuz.
  • Pixkanaka azukrea eta anis esentzia gehitu.
  • Orea eskuekin landu, itsasten ez den arte.
  • Bola itxura eman, eta orea tapatuz, ordu erdi gutxienez pausatu giro-tenperaturan.
  • Ondoren, mahaia eta egurrezko arrabola irineztatu.
  • Orea bola txikietan moztu eta lisatu zentimetro erdiko lodieran.
  • Eman nahi den forma plater bat, erretilu bat edo antzekoa erabiliz.
  • Ertzak errematatu daitezke hatzekin pikotxak eginez.
  • Laberatu erdiko erretiluan 15-20 minutu inguru, horitu arte, txigortu gabe.
  • Bitartean, zuringoak elur-punturaino irabiatu.
  • Irabiatzeari utzi gabe, azukre-hautsa, limoi-zukua eta anis esentzia gehitu, kolore zuriko pasta trinko bat osatu arte.
  • Opilak hoztu aurretik glasatua koilara batekin gainetik zabaldu.