Albisteak

Debabarreneko turismo webgune berria aurkeztu da

Otsailak 27, 2025

  • Ireki berri den Debako Hiru Uhinak hotelean egin da webgunearen aurkezpen ekitaldia eta dagoeneko ikusgai dago betiko helbidean: debabarrenaturismo.com

Debabarrena Turismok bere komunikazio estrategia gaurkotasunera egokitu eta eskualdera etortzen diren turistentzat informazioa modu egoki, interaktibo eta erosoenean eskaintzeko bere webgunea berritu du. Gaur egin da webgunearen aurkezpena, Deban eta bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo departamentuko ordezkariak, Debako Alkatea eta udal ordezkariak, Debegesako lantaldea eta eskualdeko turismo arloko eragileak.

“Denborak aurrera egin ahala, helmuga turistikoez jarduten duten informazio iturriak kontsultatzeko ohiturak aldatu egin dira eta horregatik beharrezkotzat jo dugu Debabarrena eskualdearen informazio turistikoa modu erakargarriagoan eskaintzeko gure euskarri digital printzipala eguneratzea” azaldu du Aitziber Cortazarrek, Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko departamenduko arduradunak. Estekak lehengo berdina izaten jarraitzen du, debabarrenaturismo.com, hain zuzen ere. Beraz, eskualdeko xehetasunak jakin, bisita planifikatu edo Debabarrena eskualdeari buruzko informazioa jaso nahi duen edonork jo dezake bertara.

Han, orain arteko informazioa aurki daiteke, baina modu berritzaile eta erakargarriago batean: eskualdeko ostatuak, jatetxeak, ekitaldi gastronomikoak, Geoparkea, hondartzak eta igerileku naturalak, ibilbideak, etab. Webgune berria diseinatzerakoan, nabigazio intuitiboa lehenetsi da, bisitariek eskura izan dezaten, klik bakar batekin, behar duten informazio guztia, eskualdeko txoko eta jarduera esanguratsuenak nabarmenduz. Gainera, orrialdea erabat moldagarria da gailu mugikorretara eta tabletetara, eta esperientzia erosoa eta guztiontzat eskuragarri egongo dela bermatuko da.

Beste albiste interesgarri batzuk…

San Blas

Gabonak amaitu diren arren, Debabarrenean negua gozatzen jarraitzen dugu. Otsailaren 3rako gure gastronomia tradizionaleko gozokirik ezagunena egiten dugu: San Blas opila. Zatoz ezagutzera!

San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon eta Laudion.

Gure eskualdean, jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.

Osagaiak

Orea egiteko:

  • Kilo bat gari-irin
  • 6 arrautza
  • 125 gr txerri-gantz edo gurin edo margarina
  • Kilo erdi azukre
  • Legami zorrotxo bat
  • 15 tanta anis esentzia

Glasatua egiteko:

  • 2 arrautza zuringo
  • 250 gr azukre-hauts
  • 10 limoi-zuku tanta
  • 10 tanta anis esentzia (aukerakoa)

Nola egin

  • Labea berotu 180º tan.
  • Irina laneko mahai garbi batean jarri, eta sumendi itxurarekin pilatu.
  • Arrautzak erdian apurtu, eta eskuekin nahastu.
  • Gantza edo ordezkoa gehitu, eskuekin landuz.
  • Pixkanaka azukrea eta anis esentzia gehitu.
  • Orea eskuekin landu, itsasten ez den arte.
  • Bola itxura eman, eta orea tapatuz, ordu erdi gutxienez pausatu giro-tenperaturan.
  • Ondoren, mahaia eta egurrezko arrabola irineztatu.
  • Orea bola txikietan moztu eta lisatu zentimetro erdiko lodieran.
  • Eman nahi den forma plater bat, erretilu bat edo antzekoa erabiliz.
  • Ertzak errematatu daitezke hatzekin pikotxak eginez.
  • Laberatu erdiko erretiluan 15-20 minutu inguru, horitu arte, txigortu gabe.
  • Bitartean, zuringoak elur-punturaino irabiatu.
  • Irabiatzeari utzi gabe, azukre-hautsa, limoi-zukua eta anis esentzia gehitu, kolore zuriko pasta trinko bat osatu arte.
  • Opilak hoztu aurretik glasatua koilara batekin gainetik zabaldu.