Debabarrenak bere eskaintza turistikoa aurkeztu du Bartzelonako ferian

2006/05/09
Debabarrenak bere eskaintza turistikoa aurkeztu du Bartzelonako ferian
Debabarrenak, maiatzaren 4 eta 7 bitartean, eskualdeko eskaintza turistikoa aurkeztu du Cataluñako Nazioarteko Turismo Azokan. Aurtengo edizioak 200.000 bisitari baino gehiago jaso ditu.

Catalunyako Nazioarteko Turismo Azokak 73 herrialdeko eta Erkidego Autonomo guztietatik etorritako 1500 erakustegi bildu ditu aurtengoan. Euskadiren estandean 3 lurraldeetako eta beren hiriburuetako informazio orokorra eskeini da. Gipuzkoa Kostaren eskaintzaren barruan, Debabarrenak bere kosta eta barnekaldeko lekurik erakargarrienen berri eman die bertara inguratu direnei.

Gure eskualdeko kostalde ikusgarria izan da feriara hurbildu direnentzat erakargarri nagusia. Deba, Mutriku edota Saturrarango hondartzak erreferente bilakatu dira eskualdeko kostari dagokion eskaintzan. Deba, eskualdeko herririk turistikoena izanik eta Mutrikuko gune historikoa, multzo monumentala delarik, gune garrantzitsu bilakatu dira kanpotik datozen bisitarientzat.

Nolanahi ere, hazten ari da barnealdeko tokien berri eskatzen duten turisten kopurua. Ildo honetan, eskualdeko haran txikiek turismo naturalagoa aurkitzeko aukera eskeintzen dute. Olatzko bailara, Lastur, Mendaroko Aranerreka edota Elgoibarko Sallobente dira, besteen artean, bisitari katalanei eskeini zaizkien aukerak.

Debabarrenako zerbitzu turistikoen gidak nekazalturismo, landetxe, ostatu, kanping eta aterpetxeen berri ematen duenak, harrera oso ona izan du azokara hurbildu direnen artean. Katalanek landetxe eta nekazalturismoen inguruan interes berezia azaldu dute aurtengo edizioan.

Bartzelonako turismo azoka kontsumitzaile finalari zuzendutako azoken artean liderra da eta katalan askorentzat beren opor aukeraketa egiterako orduan erreferente garrantzitsua da. Edizio honetan, estand nazionalen kategorian, Euskadik estand onenaren saria jaso du.

Debabarrenako turismoa sustatzeko lan honi jarraituz, eskualdeko turismo ordezkariak Bilboko “Expovacaciones” azokan izango dira maiatzaren 18 eta 21 bitartean.