Debabarreneko kostaldean badago zer ikusi. Deba ibaiak, eskualdeari eta herriari izena ematen dienak, 54 km-ko ibilbidea egin ondoren Deba eta Mutriku artean itsasoratzen da. Gaur egun itsasadarrean gora Sasiolaraino nabigatu daiteke; baina garai batean ontziak Altzolaraino (Elgoibar) iristen ziren.
Gure kostaldeko bi herriak, Deba eta Mutriku, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen parte dira, Zumaiarekin batera. Kostalde hau itsaslabar ikusgarriez osatuta dago, eta marearteko zabalgunean Flysch izenaz ezagutzen den formazio geologikoa ikusi daiteke. Flysch-a harrizko geruza sekuentzia da, milioika urtetan zehar osatutakoa. Lurrazalaren mugimenduen ondorioz, gure itsaslabarretan hasieran horizontalak ziren geruzak orain bertikalean ikusten dira, uretan ia hirurehun metro barneratuz.
Flysch-a ikusteko toki apropos asko dauzkagu. Adibidez, Deban Sakoneta eta Mendata itsaslabarretan. Inguru hau, gainera, biologiaren ikuspegitik oso aberatsa da. Itsasoko landaretza "itsasbelar" ezberdin eta interesgarriez osaturik dago, hala nola Ulva, letxuga txikiekin duen antzekotasunagatik ezaguna, edo benetako zelai itxura duen mantu gorrixka, Coralina Officinalisa.
Mutrikun, Flysch-a ikusteko toki ederrena Saturraran hondartza da. Herrigunearen mendebaldean dago kokatuta, Ondarroarekin mugan, eta hondartzan bertan ikusi daitezke harrizko forma bitxiak. Saturraranetik Zazpi Hondartzak izeneko gunera oinez iritsi daiteke. Hainbat kala txikiz osatutako marearteko zabalgunea da gune hau. Mutrikutik ekialdera ere badago Flysch-a ikusteko aukera, Arbeko senaditik adibidez. Hemengo labarretan fosil ugari aurkitu ziren, batez ere amoniteak. Arrantza zein urpekaritzarako ere oso gune aproposa da.
Itxaspe Kanpinetik,"Sakoneta"-ra jartzen duen bidea hartuz, edo pixka bat aurrerago,"Mendata" jartzen duena.
N-634 bidetik,Errota-Berri baserrira doan pista hartuz,Sakonetatik gertu.