Begiratokien ibilbidea

Begiratokien ibilbidea

Debabarrena itsasoa eta mendia da. Gure ondare kulturalaz gain, gure begiratokietatik ikus ditzakezun paisaia natural ikusgarriak ditugu. Debabarrenaren ikuspegi onenez gozatzeko ibilbide bat proposatzen dizugu.

Debabarrenean dena daukazu eskura: Euskal Kostaldeko itsaslabarrak eta hondartzak, eta barrualdeko haranak eta mendiak. Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen flysch eta karstetik hasi eta Karakateko harkaitz bolkanikoetaraino, natura-ondare aberatsa eta askotarikoa dugu. Debabarreneko begiratokirik onenetan barrena, paisaia paregabe horiek ezagutzeko gonbita egiten dizugu.

Kostaldera hurbildu eta flysch-a gertutik ikusteko, Itziartik abiatzea proposatzen dizugu. Herrigunean, elizaren albo batean, balkoi bikain bat aurkituko duzu, Kantauri itsasora irekia. Oteizaren eskultura batek, "Amatasuna", osatzen du paisaia, itsasoaren urdina eta mendiko berdea uztartuz.

Amatasuna, Oteizaren eskultura
Amatasuna, Oteizaren eskultura

Erraza da Itziar auzora autobidez iristea. Autoa Salegi jatetxearen parean utzi dezakezu, eta bertako pintxo gozoak edo karta dotorea dastatu. Beste aukera bat Kanala Hotelean aparkatzea da, eta bertako terrazatik dauden bista bikainak txakolin edo sagardo kopa batekin osatzea.

Itziartik Debako herrigunera jaisten den errepideak ere ikuspegi bertikalak ditu itsaslabarren eta flyscharen gainean. Errepidearen ertzean bertan atondutako begiratoki batzuek talaia ezin hobeak eskaintzen dituzte flyscharen geruzak gelditu eta miresteko, itsasoak labarren oinak jotzen dituen bitartean. Egun argi batean, ia Gipuzkoako kostalde osoa Hendaiaraino, eta Bizkaiko kostaldearen zati handi bat ikusi daitezke bertatik. Beheranzko hurrenkeran, hiru begiratoki aurkituko dituzu: Itziarkoa, Irulearena, eta, azkenik, Laparikoa, Debako hondartzaren gainean.

Itziarko begiratokitik ikuspegia
Itziarko begiratokitik ikuspegia

Errepide horren azken begiratokia Deban bertan dago. Santiago hondartzatik hamar minutu eskaseko ibilaldi labur baten bidez iristen da bertara. Hondartzaren alboan utzi dezakezu autoa. Ibilbidean zehar, eserlekuak dituzten hainbat puntu aurkituko dituzu, eta bertan atseden hartzera eseri eta paisaia miresteko aukera izango duzu, adin guztietarako egokia den ibilbidea baita.

Lapari hondartza
Lapari hondartza

Kostaldeko errepideak Debatik Mutrikurantz jarraitzen du, eta hemen ere flysch beltza eta Euskal Kostaldea miresteko hainbat toki daude. 4 km inguruko pasealeku batek Ondarbeltz hondartza, Deba ibaiaren bokalean, Mutrikuko hirigune historikoarekin lotzen du. Ikuspegi bikainak ditu flysch-era eta kostaldera, aparkalekuak, atsedenlekuak mahai eta ur-iturriekin, eta bi begiratoki bikain: Arbe eta Alkolea.

Lehenengoa Arbeko senadiaren gainean dago, izen bereko hotelaren azpian. Hoteletik bertatik egunsentia ikus dezakezu bere artisau gosari bikainetako bat hartzen duzun bitartean. Bi begiratokien erdian, muinoan gora zoazela, Pikua jatetxeko terraza aurkituko duzu, jateko edo zerbait hartzeko leku aproposa, ikuspegiez gozatuz. Aurreraxeago, Mutriku kanpoaldean, pasealekuak bihurgune handi bat egiten du Alkolea puntarantz. Ikuspegiak zoragarriak dira bi aldeetara: batean, egindako bidea eta Debako kostaldea ikusiko dituzu, eta, bestean, Mutriku ikusten hasiko zara, portua lehen planoan duela. Pasealekuak herriaren erdiguneraino eramango zaitu.

Alkoleatik ikuspegia
Alkoleatik ikuspegia

Mutrikura iritsitakoan, alde zaharrean sartzea gomendatzen dizugu. Ez bakarrik Monumentu Multzo izendapena merezi izan duten dorretxe eta jauregi ugariengatik, baita Atxukaleko begiratokiagatik ere, galtzada-harrizko kale baten amaieran ezkutatua. Portuko balkoia da, eta mutrikuarrak jardundako bale ehizaren testigantza ematen duen horma-irudi bat ere badu.

Balea Atxukalen
Balea Atxukalen

Baina dena ez da kostaldea izango. Artikulu hau amaitzeko, eskualdearen barrualdeko bi gomendio egin nahi ditugu: Deba ibaiaren gainean aurrez aurre zaindari dauden bi tontor. Eibarren, Arrateko gaina duzu izen bereko Ama Birjinaren santutegia duena. Eibarko jendeak oso gustuko duen gunea da, irailero erromerien eta maila goreneko txirrindularitza proba askoren etapa bukaera izaten da. Gainera, bi jatetxe, haurrentzako jolasgunea eta ikuspegi zoragarriak ditu. Zer gehiago behar duzu?

Eta azken begiratokiaz hitz egin dizugu lehenago ere, baina merezi du leku bat gure zerrendan. Soraluze eta Elgoibarren arteko mugan Karakate altxatzen da, 756 metrorekin harana menderatzen, eta ikuspegi paregabeak eskaintzen ditu kostaldera, Arabako Mendietara, Aiako Harrira edo Anbotora. Begiratoki hona autoz iritsi zaitezke Soraluzeko erdigunetik abiatuta, errei bakarreko errepide zorabiagarri batetik. Eta paseatzeko gogoa baduzu, hemen hasten da Dolmenen Ibilbidea. Beste bi begiratoki daude ibilbidean zehar, bat Idoian, bestea Irukurutzetan. Nahi duzu?

Karakateko mahai panoramikoa
Karakateko mahai panoramikoa

Ikusten duzunez, Debabarrena begiratokiz josita dago, itsasoa eta mendia miresteko. Gure eskualdea ezagutzen jarraitzeko, kontsultatu gure ostatu- eta jatetxe-eskaintza.

Albisteak