Ekimen honek, berdelarekin egindako errezetak argazki edo bideo bidez elkarbanatzea du helburu. Lagungarri gisa berdela oinarri duten errezeta-liburua aurkitu dezakezu hemen, besteak beste, berdelaren historia eta jatetxe eta elkarteen errezeta ezberdinak jasotzen dituen liburuxka. Errezeta-liburu honetan bederatzi pintxo aurkituko dituzu, hauek egiteko behar diren osagai eta eman beharreko pausoekin.
Aurten, etxetik bada ere, ospatu dezagun Berdel Eguna merezi duen bezala #BerdelEgunaEtxean
Mutrikun, jatetxeetan eta herriko establezimenduetan, kalitate handiko produktua aurkituko duzu. Gure portua baxurako portu historikoa izan da, arrain-kontserba tradizio luzearekin. Landa-eremuan ere hainbat produktu ekoizten dira, hala nola: artzai gazta, marmelada eta barazki-kontserbak, txakolina, etab. Eta ezin ahaztu gozoa ere: txokolatea eta artisau-izozkiak, besteak beste.
Produktu horiek guztiak eros daitezke Merkatu Txikian, herriko dendetan, edo ekoizleei zuzenean. On egin!
Berdela arrantza-tresna tradizionalak erabiliz arrantzatzen dute baxurako euskal itsasontziek. Arrain urdina da, txitxarroaren tankerakoa, eta bizkarralde berdexkak ematen dio izena. Nutrizio aldetik oso osasungarria da, proteinak eta gantz-azido poliasegabeak baititu.
Berdela balioan ipini nahian eta arrantza-ontzi txikientzat kanpainak duen garrantzia ikusita, 1994ko apirilaren 23an Mutrikuko arrantzaleek lehen Berdel Eguna antolatu zuten. Mutrikuko herri guztiak parte hartzen duen jai garrantzitsuenetakoa bihurtu da, eta 20.000 pintxotik gora banatzen dira urtero. Ohikoa erreta jatea da, baina berdela oso moldagarria denez, dozena bat era ezberdinetan prestatuta dasta daiteke. Jarraian aurkezten dizkizuegu errezeta batzuk: