Urriaren 19an izango da Debabarreneko VI. BTT Martxa

2014/09/26
Urriaren 19an izango da Debabarreneko VI. BTT Martxa
Izena emateko epea zabalik da dagoeneko, kirolprobak.com webgunearen bitartez. Urriaren 17an itxiko da izena emateko epea.

Aurten seigarren edizioa beteko du Debabarreneko BTT Martxak. Urriaren 19an egingo da, igandez, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko, urriaren 17ra arte. Aurten ere, iaz bezala, izen-ematea online bakarrik egin ahal izango da www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Partaideei jakinarazi nahi zaie, egunean bertan ezingo dela izenik eman.

Parte-hartze errekorra hautsi zuen iaz Debabarreneko BTT Martxak, 402 kirolarirekin, eta aurten ere parte-hartze handia espero da.

Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera probari. Ohi bezala, irteera eta helmuga puntua Elgoibarko Mintxeta Kirolgunean egongo da, Debabarreneko BTT Zentroa bertan baitago. Bizikleta zaleek bi ibilbideren artean egin ahal izango dute aukera: bata laburra, 25 kilometrokoa, eta bestea luzea, 45 kilometrokoa. Biak ala biak Karakate inguruan.

Prezioari dagokionean, txirrindularitzan federatuek 12€ ordaindu behar dute eta federatuta ez daudenek 15€. Tarifa hauek urriaren 15era arte mantenduko dira. Egun horretatik aurrera, 3€ gehiago ordaindu beharko da.

Proba amaitutakoan, partaide guztien artean opariak zozkatuko dira, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...

Proba hau Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Debegesa Garapen Agentziak elkarrekin antolatzen dute, Debemen eta eskualdeko BTT kluben laguntzarekin.

Martxa herrikoia da, ez lehiakorra. Helburua da partaide guztiei, bertakoei zein kanpotik etorritakoei, mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea.

Probari buruzko informazio osoa, ibilbideak, izen-ematea, sariak, etabar, hemen.