Udazkeneko planak Debabarrenean: gure museoak

2019/10/29
Udazkeneko planak Debabarrenean: gure museoak
Udazken honetan Debabarrenera txangoa egiteko asmoa badaukazu, natura baino askoz gehiago aurkituko duzu gurean. Jada hitz egin dizugu gure ibilbideei buruz, baina behar bada ez dugu gure eskualdeko eskaintza kulturala ezagutuko. Euria egiten duen egunetarako aukeren bila ba zabiltza, familia guztiarentzako eta gustu guztientzako, ez ezazu galdu jarraian datorren artikulua.

Debabarrena ezagutzen baduzu, ziur gaude gure ondare naturala ondo ezagutuko duzula: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea, edota gure homologatutako ibilbideen sarea. Baina ezagutzen al duzu gure ondare kulturala? Era guztietako planak egin ditzakezu: eraikitako ondarea, elizak, eskulturak, dorretxeak etab bisitatuz; nekazari eta abeltzain azokak; ekitaldi gastronomikoak; antzerki jardunaldiak; eta askoz gehiago. Baina gaurko artikuluan Debabarreneko museoei buruz hitz egin nahi dizugu.

Gure eskualdeak industria tradizio luzea dauka. Industria Debabarreneko ekonomiaren ardatza izan da 500 urte baino gehiagotan, baita Euskadikoa ere. Horrela, gure herrietako eraikitako ondarean aztarna sakona utzi du, baita eskualdeko kulturan eta bertakoen bizimoduan ere. Gure historiaren eta identitatearen atal hau hobeto ezagutzen laguntzeko, Debabarrenean industriari buruzko bi museo aurkitu dituzu.

Lehenik eta behin, Eibarko Armagintza Museoa, Debabarreneko industriaren historia lantzen duena. Baina ez du hori bakarrik azaltzen; industriak Eibarren eragindako aldaketak ere aztertzen ditu, Estatuko manufakturaren erdigunea izatera eraman zutena. Izan ere, Eibarren ekoizten ziren eguneroko bizitzan erabiltzen ziren produktu asko: Lambretta motorrak, El Casco grapagailuak, Orbea bizikletak, eta Alfa josteko makinak, besteak beste. Aipatzekoa da ere gure eskualdeko armagintzari buruzko gela. Bertan garai askotako armak daude ikusgai. Ondoan Eibarko armagintza lantegi tradizional baten kopia ikus daiteke. Honetaz gain, hilabetean behin doako bisita gidatuak antolatzen dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Eibarko eta Debabarreneko historia industriala hobeto ezagutzeko.

1.png
1.png

Ondare industrialaz ari bagara, ezin dugu aipatu gabe utzi Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoa. Museo bitxi honek Debabarreneko garapen industrialean makina-erremintak izan zuen funtsezko papera ezagutzera ematen du. Gainera, XX. mende hasierako hainbat makina mugimenduan ikusteko aukera dago. Museo hau benetan gure eskualdeko ondare industrialaren harribitxi bat da.

2.jpg
2.jpg

Natura nahiago baduzue, Eibarko ondarea ezagutzeko modu ezberdin bat proposatzen dizuegu. Arrate mendiaren gainean bertako amabirjinaren santutegia aurkituko duzue, aisia gune bat, eta bi jatetxe. Primerako tokia da inguruko mendi ibilbideen hasiera edo bukaera izateko. Hau gutxi balitz, hementxe Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa aurkituko duzue. Esparru honetan gatazkak Eibarren eta bere inguruetan utzitako arrastoaz gehiago ikasi dezakezue, batez ere frontea hiri armaginean kokatuta egon zen zazpi hilabeteetakoa.

3.jpg
3.jpg

Kostalderantz jotzen baduzue, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen hainbat alderdi aztertzen dituzten interpretazio zentroak aurkituko dituzue. Alde batetik, Mutrikun Nautilus Ikasgune Geologikoa daukagu. Bertan Geoparkeko labarretan aurkitutako fosil bilduma aparta ikusi daiteke. Gainera, Geoparkeak paisaia interpretatzeko bi esparru ditu, bata Debako Turismo Bulegoan kokatua, eta bestea Lasturko aterpetxean. Hemen Geoparkeko egitura geologikoei buruz gehiago ezagutzeko aukera izango duzue.

4.jpg
4.jpg

Ikusten duzuen bezala, gure ondare historikoa zein naturala ezagutzeko aukera ugari ditugu. Museo horiek plan alternatibo bikaina izan daitezke eguraldiak laguntzen ez duen egun horietarako, edo besterik gabe beste plan bat nahi baduzue. Zatozte ezagutzera!