Udan bisitari atzerritarren kopuruak nabarmen egin du gora Debabarrenean

2016/09/14
Udan bisitari atzerritarren kopuruak nabarmen egin du gora Debabarrenean
    • - Debabarreneko bisitari kopurua %11,8 hazi da udan. Bereziki atzerritarren datuak egin du gora, iaz baino %28,5 gehiago etorri baitira.
    • - Debara eta Mutrikura hurbildu diren bisitariak Euskal Kostaldeko Geoparkeak erakarrita etorri dira batez ere.
    • - Bai kostaldean bai barnealdean, ostatuen okupazio maila oso altua izan da eta %100ekoa izatera iritsi da abuztuan.
    • - Eskualdeko sustapen turistikoaz arduratzen den Debegesa garapen agentziak laster izango du prest turismoaren Plan Estrategiko berria 2016-2020 eperako.

     

    Debabarreneko eskualdeak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu. Ekaina eta abuztua artean, eskualdeko bi turismo bulegoek, Deban eta Mutrikun, 23.900 bisitari jaso dituzte, iaz garai berean baino %11,8 gehiago. Igoera hau, hein handi batean, nazioarteko bisitarien gorakadarengatik izan da. Uda honetan bidaiari atzerritarren kopuruak %28,5 egin du gora iazko datuekin alderatuz.  

    Halaber, Debabarreneko bi turismo bulegoetan jasotako datuen arabera, hazi egin da EAEko zein estatuko bisitarien kopurua, %16,8 eta %8,4, hurrenez hurren.

    Debabarrenera hurbildu diren bisitarien gehiengoa, %39,7, estatukoak izan dira, hauen artean kataluniarrak eta madrildarrak nagusi; %31,5 bidaiari atzerritarrak izan dira, batez ere, Frantzia, Holanda eta Alemaniarrak; eta %28,7 Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako txoko ezberdinetatik iritsi dira.

    Bidaiariek gehien eskatzen duten informazioa Euskal Kostaldeko Geoparkeari dagokiona da. Hain zuzen ere, Debara eta Mutrikura hurbildu diren bisitari gehienen erakargarri nagusia izan da Geoparkea. Honela, ekaina eta abuztua artean Geoparkeko bisita gidatuetan parte hartu duten bisitarien kopurua %52 hazi da iazko datuekin alderatuta. Oro har, 9.554 lagunek egin dute Geoparkeak proposatutako bisita gidaturen bat hiru hilabete horietan.  

    Bestalde, Santiago Bideari dagokionean, Debatik pasa diren erromesen kopuruak ere gora egin du. Urtarriletik abuztura bitartean, 9.516 erromes pasa dira Debako turismo bulegotik, %14,2 gehiago iazko datuekin alderatuz; horietatik 6.156 lagunek egin dute lo erromesen aterpetxean.

     

    Ostatuen okupazio maila altua

    Eskualdeko ostatuen kasuan, establezimendu ezberdinek eskainitako datuetatik abiatuta Debegesak jaso duen informazioaren arabera, aurtengo uda “inoizko onena” izan da, kostaldean zein barnealdean. Establezimenduak bat datoz bisitarien gorakada nabarmentzerakoan eta hainbat kasutan %100 okupazio maila izan dute, batez ere abuztuan. Gainera, irailean erreserba kopuru altuekin jarraitzen dute.    

     

    2016-2020rako turismoaren Plan Estrategikoa

    Debegesa garapen agentzia arduratzen da Debabarrenean turismoaren dinamizazioaz eta sustapenaz. Debegesak datuen balorazio baikorra egin du, sektore turistikoaren goranzko tendentzia konfirmatzen baitute. Ildo horretan, datozen asteetan aurkeztuko du Debegesak turismoaren Plan Estrategiko berria 2016-2020 eperako.