Uda sasoiarekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa handitu egin du irteera gidatuen programa indartuz Geoparkea osatzen duten hiru herrietan: Mutrikun, Deban eta Zumaian. Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Geoparkeak egunero-egunero eskainiko ditu jarduera interesgarriak bertako ondare geologikoa, naturala eta kultural aparta ezagutzera eman eta deskubritzeko.
Datozen hilabeteetan, goi-denboraldian bete-betean murgilduta, bisitarien kopuruak gora egingo duela aurreikusirik, eta bisitari hauei harrera bikaina egin eta kalitatezko zerbitzua eman nahian, Geoparkeak astean 30 irteera baino gehiago eskainiko ditu, irailaren 30era arte. Udara begira, 563 bisita gidatu programatu dira.
Bisita gidatuen egutegi osoa geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke eta bertan egin daitezke erreserbak online.
Geoparkeko Bisita Gidatuen Programa berriaren aurkezpena gaur egin da Debako Santa Maria elizan; Gipuzkoako elizarik ikusgarrienetakoa da eta Geoparkeko kultur altxor handienetakoa. Bertan izan dira Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi, Zumaiako alkatea, Oier Korta, Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, eta Zumaiako turismo teknikaria, Esti Irureta.
Proposamen berriak
Geoparkeko Bisita Gidatuen Programa berria ekainean jarri da abian eta bi proposamen berri jasotzen ditu. Batetik, “Geoparkeko herriak” deritzona, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kultur eta itsas ondarea ezagutzera emango duen irteera gidatua. Bisita bakoitza hiru herrietako batean egingo da. Bertan bisitariak itsasoari eta itsas kulturari estu lotutako herri bat deskubrituko du, alde zaharreko eraikin eta monumentu nabarmenak bisitatuz. 90 minutuko iraupena izango du.
Bigarren proposamena umeei eta familiei zuzenduta dago, “Lasturko plaza”. Izenak dioen moduan Lasturko bailaran egingo da, Geoparkearen bihotzean. Umeak izango dira protagonista, euskal jolas tradizionalak berreskuratu eta sustatu nahi dituen proposamen honetan. Esperientziak hiru orduko iraupena izango du. Errota zaharrean artoa eho ondoren, talo tailerrean parte hartuko dute familiek eta, indarrak hartu ostean, xarma berezia duen Lasturko plazan elkartu eta euskal jolas tradizionaletan arituko dira: txingak, sokatira, lokotx biltzea, zaku lasterketa…
Bisita hau, gainera, Lasturren bertan zabaldu berri den Geoparkearen interpretazio gunea ezagutuz osatu ahal izango da, bailara eder honi eta Karstaren munduari eskainia. Espazio edo gune berri honek Lasturko haran ezkutua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du. Baserriak, haitzuloak, ura, kareharria eta zezenak dira bertako protagonista handiak. Testu eta ilustrazioen bitartez, bisitariak bertako historia eta tradizioak, harriarekiko duen lotura estua, gordetzen dituen ezaugarri geologiko bereziak edota bertako bizimodu eta ohiturak deskubritzeko aukera izango du.
Halaber, Geoparkera hurbiltzen diren bisitariek ohiko ibilbide turistikoak egin ahal izango dituzte, itsasontzian irteerak, ibilbide geologikoak eta kulturalak, barnealdeko bailarak ezagutzeko jarduerak… Guztira, 13 proposamen ezberdin, gida profesionalen eskutik. Nabarmentzekoa da aurten “Flyscharen Ibilbidea” deritzon irteeraren kasuan eskaintza bikoiztu egin dela, bisitarien eskaera nabarmen handitu baita Basquetourrek sustatzen duen Euskadi Turismoren webgunean promozionatzen hasi denetik. Bestalde, Deban, iaz bezala, itsas irteerak egingo dira uda sasoian Debatik Zumaiara eta Zumaiatik Debara, pantalanari esker. Bi herri hauen arteko kostaldeko GR Talaia oinez egiten dutenentzat aukera bikaina da hasiera puntura itsasontzian itzultzeko.
Bisitarien gorakada
Paisaiaren edertasunak eta Geoparkeak gordetzen duen aberastasun geologiko, natural eta kulturalak erakargarritasun turistiko nagusietako bat bihurtu dute. UNESCOren aitortza ere lortu du; iaz UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen.
2015ean 9.756 lagunek hartu zuten parte Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan, %48 gehiago aurreko urtearekin alderatuz. Geoparkea euren kontura bisitatzen duten bidaiarien kopuruari dagokionean, iaz Zumaiako, Debako eta Mutrikuko turismo bulegoetan 79.369 lagun jaso zituzten.