Turismoko profesionalen bisita teknikoa Debabarrenera

2018/04/24
Turismoko profesionalen bisita teknikoa Debabarrenera
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak, Urola Kostako eta Debabarreneko eskualdeekin lankidetzan, bisita teknikoa antolatu du gaurko, hilak 24, bi eskualdeetako eskaintza turistikoa ezagutzera emateko.

Turismo sektoreko profesionalen bisita jaso dugu gaur Debabarreneko kostaldeko bi herrietan, Deban eta Mutrikun, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak, Explore San Sebastian Region turismo bulegoaren bidez eta Urola Kostako eta Debabarreneko eskualdeekin lankidetzan, antolatutako bisita teknikoaren baitan. Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei bi eskualdeak ezagutaraztea izan du helburu ekimenak.

Bi eskualde hauek baliabide eta produktu turistiko ugari eskaintzen dute, besteak beste, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea, Europa mailan geoturismo erreferente bihurtu dena.

Mutrikun, Monumentu Multzo izendatutako Hirigune Historikoa ezagutu dute eta, jarraian, Arrantzaleen Kofradian mokadua egiteko aukera izan dute. Ondoren, Debara abiatu dira. Hango pantalanean Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeko bisita gidatuak egiten dituen itsasontzia hartu eta Deba-Zumaia arteko flysch ikusgarria ezagutzeko itsas ibilaldia egin dute.

Itsas irteeran parte hartu ez dutenek Debako Santa Maria Eliza bisitatu dute. Ondoren, Debako turismo bulegoan kokatuta dagoen Geopark Corner gunea ezagutu eta Geoparkeko gerente Leire Barriusorekin hitz egiteko aukera izan dute.

Urola Kostako eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera ere izan dute: Orio, Zarautz eta Balenciaga Museoa Getarian.

Bisita teknikoan parte hartu duten eragileekin batera (ostatuak, turismo bulegoak, turismo arloko enpresak...), Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Maite Cruzado, eta San Sebastian Region bulegoko arduraduna, Cristina Iturriagagoitia, izan dira. Debegesa garapen agentziako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradun Aitziber Cortazarrek ere parte hartu du bisitan.

 

Bisita teknikoa Mutriku 01
Bisita teknikoa Mutriku 01

Bisita teknikoa Mutriku 02
Bisita teknikoa Mutriku 02