Debabarreneko eskualdean aurtengo udan iaz baino bisitari gehiago izan ditugu. Igoera %10ekoa izan da eskualdeko bi turismo bulegoetan jasotako datuen arabera, Deban eta Mutrikun, alegia. Ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, guztira 21.013 bidaiari hurbildu dira bulego hauetara informazio eske, eskualdean ditugun zerbitzu turistiko eta interesguneez galdezka.
Halaber, kostaldeko bi herri hauetan alojamenduen okupazio maila ia-ia 100%ekoa izan da, batez ere, abuztuan.
Bisitarien jatorriari dagokionez, estatuko zein atzerriko bidaiariak gehitu egin dira 2013ko datuekin alderatuz, %18,4 eta %8, hurrenez hurren. Estatuko toki ezberdinetatik etorritakoak 39% izan dira, eta %28 atzerritarrak. Barne turismoak bidaiarien %33 suposatu du, %1,6ko jaitsiera txiki batekin.
Turismo bulegoetan erromesekin egiten den lana nabarmentzekoa da. Deba erreferentzia bihurtu da Kostaldeko Santiagoko Bidea egiten duten erromesentzat; bertako turismo bulegotik pasa diren bisitari guztien artean, herena baino gehiago erromesak izan dira. Datu bat, 2013 urte osoan Deban 7.232 erromesek egin zuten lo; aurten, abuztuaren amaierako datuak mahai gainean, 7.600 dira dagoeneko.
Gainera, aurtengo udan bi aterpetxe berri ireki dira eta erromes kopuru handia hartu dute bien artean, Debako Santiago Bideko Lagunen aterpetxean (56 plaza) eta Mutrikuko Izarbide aterpetxean (32 plaza).
Debabarreneko barnealdeko herrietan ere alojamenduek uda ona izan dute eta gehienak gustura agertu dira. Aipatu digutenez, gainera, irailerako ere okupazio maila altuarekin jarraitzen dute.
Euskal Kostaldeko Geoparkea da zalantzarik gabe eskualdeko ekimen turistiko garrantzitsuenetarikoa. Oraindik datuen zain, bisita gidatuen programan parte hartu duten bisitarien kopuruak nabarmen gora egingo duela espero da.
Oro har, eskualdean uda sasoiko turismo joera positiboa izan da, Gipuzkoa zein Euskadi mailan bezala.