Taloa dastagai izango da Lasturren igande honetan

2017/04/25
Taloa dastagai izango da Lasturren igande honetan
Dasta ezazu euskal plater tradizional hau Lasturgo bailara ezkutuan. Talo Egunaren baitan hainbat jarduera antolatu dira, pertsona orori zuzenduak, hala nola, errotetara bisita, bazkaria, edota bazkal osteko erromeria. Hori guztia txorizo eta arto-opil usai artean. Etor zaitez Lasturrera eta gozatu Talo Egunaz!

Datorren igandean, apirilak 30, taloa izango da benetako protagonista Debako Lastur bailara liluragarrian. Talo Eguna ospatuko da egun horretan eta hainbat jarduera antolatu ditu Izarraitz Bizirik elkarteak, gastronomiaz, tradizioaz, eta batez ere, Debabarreneko txoko honek eskaintzen duen paisaia ederraz gozatzeko.

Ohikoa den bezala, edizio honetan ere goizean goiz hasiko dira taloak prestatzen. Zehazki, 09:00etan ekingo diote talogileek ahogozagarri honen elaborazioari, egun guztian zehar dastagarri izango dena bertaratzen diren bisitari guztientzat.

Ordu bete beranduago, 10.00etan, Lasturko errotak martxan jarriko dira. Bailarako elementu etnografiko garrantzitsuenak dira errota horiek, izan ere, bisitariei garauaren ehotzea modu tradizionalean ikusteko aukera paregabea eskaintzen die. Eguerdian bazkari bat egingo da eta ondoren, erromeria Astiazaran II eta Andonegiren trikiti doinuekin.

Larrabehien kapeak ere ikusgai izango dira Lasturko plazan.

Etor zaitez igandean Lasturrera, eta ezagutu gertutik bertako Karst zaporeak baila ezkutu zoragarri honen Talo Egunean!