Atzo igandez 323 lagun elkartu ziren Elgoibarren mendi bizikletaz gozatzeko, Debabarreneko VII. BTT Martxan. Bi ibilbide izan zituzten partaideek aukeran, 23 eta 43 kilometrokoak, Karakate eta Irukurutzetako inguruetan.
Giro bikaina egon zen goiz osoan eta parte-hartzaileek, batik bat Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritakoak, baita Madril (5), Burgos (3) eta Leonetik ere (1), egun bikaina izan zuten bizikletarekin gozatzeko. Aipatzekoa da Debabarreneko txirrindularien parte hartzea, 118 lagun, hain zuzen ere.
Debegesa garapen agentziak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Debemenen laguntzarekin, antolatu dute ekimena, btt zale askoren egutegian data seinalatua bihurtu dena eskualdeko ibilbide eta paraje ederrez gozatzeko. Gainera, 50 boluntario baino gehiago egon ziren lanean ibilbideko puntu estrategikoetan kokatuta, bai ibilbidearen norabidea markatzeko baita bestelako laguntza eskaintzeko, horien artean, Bikeibar, Ameikutz, Elgoibarko Mintxeta Atletismo Taldea, Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuko kideak, eta beste hainbat lagun.
Goizeko 9:00etan eman zitzaion hasiera probari. Ibilbideak urtero izaten du berrikuntza bat eta aurten txirrindulariak Arribiribilletako zutarriaren ondotik pasa dira. Honela, asko izan ziren bizikletatik jaitsi eta zutarriarekin argazkia atera zuten partaideak, facebooken (Facebook.com/DebabarrenaBTT) ostiralean egingo den zozketan parte hartu ahal izateko –bi lagunentzako gaua eta gosaria Arbe Hortelean-. Gainera, hainbat anoa postu jarri ziren ibilbidean zehar indarrak berreskuratzeko.
Parte-hartzaileetako bat Mendaroko ospitalera eraman zuten erorketa baten ondorioz baina etxera bidali zuten handik gutxira, ezer larririk ez zuela ikusi ostean. Gainerakoan, eguna aparteko gertakari aipagarririk gabe igaro zen.
Behin proba amaituta, sarien banaketa egin zen. Parte-hartzaile guztien artean 40 opari baino gehiago zozkatu ziren, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker.