Foru Aldundiak udako kanpaina turistikoa aurkeztu du, ardatz 'Gipuzkoa Passport' duena. Pasaporte horrek gure erakargarritasun turistikoei balioa ematen die, lurraldean barne turismoa sortzeko eta Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera dinamizatzeko. Debabarrenean, pasaportea Deba eta Mutrikuko Turismo bulegoetan dago eskuragarri eta uztailaren 3tik aurrera Eibarko Armagintza Museoan, Elgoibarko herritarren arreta zerbitzuko ofizinan eta udaletxeko harreran. Kontutan izan Turismo bulegoak ez diren kokapenetan ez dagoela informazio turistikoa eskuratzeko aukerarik, hori Bulegoetan bertan egiten da.
"Pasaporteak gonbidapena egiten die herritarrei, uda ezohiko honetan Gipuzkoak eskaintzen dituen plan guztiak egiteko eta esperientziak bizitzeko aukera balia dezaten, bai barrualdean, bai kostaldean, gure lurraldean bidaiari izanik. Benetako altxorrak ditugu etxetik gertu, eta une ezin hobea da horiek guztiak ezagutzeko", azpimarratu du Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa: "Gure merkataritza, ostalaritza edo gure lehen sektorea suspertzeko apustu sendoa da, erantzun kolektiboa eskatzen duen une kritiko batean. Betiere kalitatezko turismo eredu iraunkor eta orekatu baten aldeko apustua mantenduz", gaineratu du.
Eskualdeko turismoko eragileen laguntzarekin egindako 50 planeko hautaketa batetik hasi –bost plan eskualdeko–, eta lurraldeko argazki erakargarrienak ateratzeko moduko lekuetaraino, bidean udako kontakizun bat idatziz, urte sasoi honetan bizi diren uneak gogora ekartzeko. Gune bat du norberaren planen Top 10a prestatzeko, eta lurraldeko 32 turismo bulegoetako harremanetarako informazioa eskaintzen du. Gainera, Turismo Bulegoetan eskuratzen baduzu pasaportea, planen inguruko informazio gehiagarria edukiko duzu.
50 plan Gipuzkoako udaz gozatzeko
Alde ludikoenean, pasaportean zigiluak jartzeko gune bat dago. Zigilu horiek Gipuzkoako saltoki, ostalaritza lokal eta museoetakoak izango dira, hori guztia baliabide turistikoei eta tokiko kontsumoari balioa emateko. Gainera, kanpainarekin batera, argazki eta kontakizun lehiaketa bi egingo dira udan zehar Gipuzkoa Turismoko sare sozialen bidez: Instagram –@gipuzkoaturismoa–, facebook –Gipuzkoa Turismoa– eta twitter –Gipuzkoaturismo–.
Deustuko Unibertsitateak Aldundiarekin duen elkarlanaren testuinguruan egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoako herritarrek behera egiten dituzten desplazamenduek behera egingo dute, eta haietako askok udako oporrak, edo horien zati bat, lurraldean bertan edo gertuko lurraldeetan igarotzeko hautua egingo dute. Lasak dei egin du “beharra aukera” bihurtzeko, eta erabaki hori aprobetxatzeko lurralde osoan banatuko den gertuko turismo eredu batean sakontzen jarraitzeko. “Abagune bikaina da lurraldeak dituen erakargarritasunak sustatzeko. Komunikazio kanal guztiak indartzen ari gara Gipuzkoako gizarte osoari ezagutarazteko turismoaren eta paisaiaren alorretan daukagun aktibo sorta. Gure etxean bidaiari izateko momentua da, inoiz baino gehiago. Tokiko konpromisoari, konfiantzari eta kontsumoari heldu behar diegu, alor honetan ere, zigor handia jasotzen ari diren sektore hauei aurrera ateratzen laguntzeko: ez bakarrik turismoari, baita ostalaritzari, merkataritzari edo lehen sektoreari ere. Guztion artean laguntzeko momentua da, bakoitza bere aukeretatik”, azaldu du.