Mutrikuko Udalak 13 panel turistiko jarri ditu herritar zein bisitariei bertako ondarea gerturatzeko asmoz

2016/01/15
Mutrikuko Udalak 13 panel turistiko jarri ditu herritar zein bisitariei bertako ondarea gerturatzeko asmoz
Mutrikuko Udalak 13 interpretazio-panel jarri ditu herriko gune ezberdinetan, herritarrei zein bisitariei herriaren historia, monumentuen garrantzia eta bertako kultura eta ohituren berri emateko helburuarekin.

Mutrikuko Udalak gaur goizean egin du "Mutriku, euskal itsasoaren talaia" ekimenaren aurkezpena. Ekimen honen baitan, herriko historiaren eta ondare kulturalaren berri ematen duten 13 panel turistiko jarri ditu Udalak, bisitari eta turistei zein bertako herritarrei zuzenduta.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi, eta Udaleko beste zenbait ordezkari. Haiekin batera, egon dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak, Leire Barriuso, gerentea, eta Asier Hilario, zuzendari zientifikoa, eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziako Turismo Saileko arduraduna, Cristina Iturriagagoitia.

Interpretazio-panelak 4 hizkuntzatan egin dira (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) eta idatzizko informazioaz gainera, QR kodeen bidez hainbat eduki deskargatu ahal izango da, horien artean, Txurruka plazan airetik grabatutako bideo bat. Bestalde, izaera ludiko-didaktikoa izango duen APP bat ere sortzen ari da Udala, ikasleentzat pentsatua, eta erabilgarri egongo da datorren hiletik aurrera. 

Ekimen hau Euskal Kostaldeko Geoparkearen Interpretazio planaren baitan kokatzen da.