Aurreko urteko edizioaren arrakasta ikusita, Elgoibarko bizilagunek eta bisitariek aukera ezin hobea izango dute Gizarteratze Mahaiak biharren urtez jarraian antolatzen duen Munduko Arrozen Dastaketan parte hartzeko. Helburu bikoitza du ekimenak, batetik, "herrian dagoen kultur aniztasuna ikustaraztea" eta, bestetik, "jatorriz tokikoak diren zein beste herrietatik etorritako bizilagunen arteko hartu emanak sendotzea".
Jardunaldia larunbatean egingo da Maalako parkean eta gerturatzen den pertsona orok aukera izango du dohainik 14 arroz mota desberdin dastatzeko.
Arroz horiek Rumanian, Bolivian, Txinan, Congon, Ekuadorren, Morokon, Argentinan, Nigerien, Portugalen, Dominikar Errepublikan, Senegalean, Ukranian, Venezuelan eta Euskal Herrian prestatzen diren bezalaxe eskainiko dira.
Jatorriz herrialde horietakoak diren Elgoibarko bizilagun horiek arroz desberdinak sukaldatzen hasiko dira larunbatean hilak 21, goizeko 10:00etan, eta bi ordu beranduago, 12:00etan, dastaketari ekingo zaio. Elgoibartar zein bisitariek, Maalara ordu horretan gerturatuz gero, kaiku edo ontzitxo bat jasoko dute arroz mota guztiak probatu ditzaten.
Gainera, Herri Eskolako, Ikastolako, Institutuko eta Egur arte tailerreko ikasleek hainbat panel prestatu dituzte, herritarrek ekimenean partehartzen duten nazioarteko herri horien berezitasunak ezagutu ditzaten. Panel horietan hainbat datu jaso dira, hala nola, herrialde bakoitzaren hiriburua, biztanleria, hizkuntza, kirol ospetsuenak edota euren moneta. Horrez gain, panel horietan herrialde bakoitzeko migrazio datuak islatzen dira, baita mugimendu horiek eragiten dituzten arrazoiak ere.
Tokiko Gizarteratze Mahaitik larunbateko doako arroz dastaketan parte hartzeko gonbitea luzatzen diete herritarrei zein bisitariei.