Debabarreneko orografiak mendiaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Hala, eskualdeak urtean zehar natura turismoa sustatzen duten hainbat eta hainbat mendi-proba eta kirol ekimen hartzen ditu. Datorren maiatzaren 13an, larunbata, mendizaleek ezinbesteko hitzordua dute Elgoibar eta inguruetan, Morkaiko Egunaren eskutik, Morkaiko M.E-ak antolatua.
Udaberrian bereziki, Debabarreneko mendi eta landa-eremuak berde-tonu disdiratsuez janzten dira. Hortaz, ba al da familian eskualdeko parajeez kirola eginez gozatzea baina plan hobeagorik?
Morkaiko Egunak Elgoibarko Mendi Itzulia eta etxeko txikienei zuzendutako Elgoibarko Itzultxoa hartuko ditu maiatzaren 13an. Goizeko 09:00etan abiatuko dira partaide guztiak, heldu zein gazte, Kalegoendik, Idotorbe-San Pedrorantz igotzeko. Mendizale gaztetxoek eta bidelagun izango dituzten nagusiak 10:00ak aldera iritsiko dira Idotorbe-San Pedrora. Puntu honetan, edonor gehitu daiteke mendi-martxara. Behin han, mendizale guztiak, Aiasta San Miguelera joango dira, non indarrak hartzeko hornidura-gune bat prest izango duten, Kalegoenera itzultzeko jaitsierari ekin aurretik.
Festa mendizalea biribiltzeko, eta txikienen gozamenerako, eguerdiko 15:00etan eskalada-murru bat ipiniko da, euren eskalatzeko trebeziak probatzeko.
Morkaiko Egunean parte hartzeko Morkaiko M.E-k Elgoibarren duen egoitzen eman daiteke izena, asteazkenetan, 19:00 eta 20:30 bitartean. E-posta bat ere bideratu daiteke, morkaiko@morkaiko.net helbidera. Elgoibarko Mendi Itzulian izen-emateak maiatzaren 11a baino lehen eginez gero, 18 urtetik berako mendi elkarteko bazkideek bi euro ordainduko dituzte; bazkide ez direnek, aldiz, 8 euro. 18 urtetik gorako partaide bazkideek, berriz, bost euro, eta gainontzekoek, zortzi euro. Prezio horiek igo egingo dira maiatzaren 11tik aurrera. Hortaz, eman izena lehenbailehen eta gozatu plan eder hontaz!