Liburuaren Astean guztiz murgildu da Mutriku. Udal liburutegiak zenbait ekintza antolatu ditu aste honetarako. Literatura maite dutenentzat ekimen originalak prestatu dira, eta ez bakarrik bertakoei zuzenduak; bisitariek ere har dezakete parte prestatutako jardueretan.
Esaterako, datorren apirilaren 27an eta 28an, osteguna eta ostirala hurrenez hurren, Liburu Merkatu Txikia egingo da herriko Kultur Etxeko sarreran (Erdikokale Kalea, 28), goizean 10:00etatik 13:00era eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara. Dudarik gabe jarduera originala izango da irakurle amorratuentzat. Izan ere, jendeak emandako liburuak eta liburutegian sobran daudenak eskuragarri izango dira doan. Mota guztietako liburuak eskuratu ahal izango dira hortaz, batzuk erabiliak eta beste batzuk bikoiztuta datozenak eta inoiz erabili ez direnak.
Literatur kutsuz betetako astea biribiltzeko Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak Mutrikuko Kultur Etxean solasaldia eskainiko du bertaratzen diren guztientzat apirilak 29, larunbatean. Literaturak eta liburuek gaur egun bizi duten testuinguruaren bueltan hausnarketa egiteko, eta Saizarbitoriaren obraren inguruko zalantzak eta bitxikeriak ezagutzeko parada eskainiko du hitzordu honek.