Debabarrenean ez dugu "antzerkia" esaten, "Eibar" esaten dugu. Izan ere, hiri armagina Antzerki Jardunaldien egoitza da, otsailetik apirilaren hasierara arte urtero ospatzen den ekitaldia. Konpainia ugari hurbiltzen dira hirira, amateurrak zein profesionalak, mota guztietako obrak aurkeztuz, ekoizpen handietatik hasi eta obra independente txikietaraino, baita kaleko antzerkia ere, Eibar Euskadiko antzerkiaren hiriburu bihurtuz otsailaren 27tik apirilaren 2ra arte.
Eibarko Antzerki Jardunaldiek izaera lokal nabarmena izan dute hasieratik, Narruzko Zezen antzerki talde eibartarra arduratu baita antolaketaz. Juan Ortega zuzendaria lau hamarkada baino gehiagoz izan da ekitaldiaren burua, 2020ko edizio honetan lekukoa Narruzko Zezen eta Eibarko Udalari pasa dion arte. Egindako lanagatik esker ona adierazteko, aurtengo Jardunaldietan omenaldi bat egingo zaio.
Programari dagokionez, ohikoa den bezala, 2020ko edizioak Euskadiko eta estatu mailako antzerkiaren onena aurkeztuko du. Gustu eta adin guztientzako 22 antzezlan ikusi ahal izango dira Coliseo Antzokian eta Unibertsitateko Hezkuntza Esparruan; horrez gain, kale antzerki emanaldi bat ere izango da. Ohiko generoak ikusi ahal izango dira, komedia eta drama, baita ezhoikoagoak direnak ere, esaterako: kabareta, zirkua, musika, dantza... Gainera, haurrei zuzendutako 5 antzezlan ikusi ahal izango dira.
Lolita Flores aktore ezagunak emango die Jardunaldiei hasiera, "Actrices de raza” izeneko solasaldi batekin, otsailaren 26an, Coliseo Antzokian. Ondoren, otsailaren 27an eta 28an, "La Fuerza del cariño" taularatuko du, Antonio Hortelano, Marta Guerras eta Luis Mottola aktoreekin batera. Imanol Arias (Ermuan bizitakoa eta Narruzko Zezen taldeko kide ohia), "El coronel no tiene quien le escriba" Gabriel García Marquezen eleberriaren egokitzapenarekin; Adriana Ozores, "Los hijos" antzezlanarekin; edo Luis Piedrahita, "Es mi palabra contra la mía" bakarrizketarekin ere izango dira. Jardunaldiek tokiko antzerki ekoizpenak ere izango dituzte, Eibarko La Red Teatro konpainiaren "Los olivos pálidos" obra kasu. Programa osoa hemen kontsulta daiteke.
Sarreren prezioak aldatu egiten dira dataren arabera: otsailaren 27ko eta 28ko eta martxoaren 15eko, 20ko eta 22ko emanaldiek 15 euroko prezioa dute; martxoaren 7ko, 13ko, 29ko, 21eko eta 29ko eta apirilaren 2ko emanaldiek 5 eurokoa; eta gainontzekoek 12 eurokoa. Sarrerak Coliseo antzokiko leihatilan eros daitezke zuzenean, astelehen eta ostiraletan 17: 30etik 19: 30era, edo www.kutxabank.es webgunean.
Antzerkia gustuko baduzu, edo Debabarrenan bazaude eta kulturan interesa baduzu, ez ezazu gehiago pentsatu eta hurbil zaitez Antzerki Jardunaldietara.