Igande honetan, hilak 17, armagin hiriak Eibar Txirrindulari Elkarteak antolatu duen Bizikleta Eguna hartuko du. Ekimen hori Europako Mugikortasun Astearen barne egingo da, eta etxeko txikienei zein helduei zuzendua dago.
Hala, adin gutxikoenentzat eremu bat gordeko da, trizikloan ibil daitezen. 8 eta 10 urtekoentzat, aldiz, herrigunetik igaroko den zirkuitu bat prestatuko da: Untzaga Plaza-Toribio Etxeberria-Zuloaga-Kalbeton-Plaza Untzaga ibilbidea bi aldiz egin beharko dute parte hartzen dutenek; 11 eta 12 urte bitartekoek, ibilbide berbera hiru bider.
Halaber, igande honetan, eta ekimen berdinaren baitan, bi ibilbide egiteko aukera izango dute helduek: bata martxa zikloturista eta bestea BTT-koa. Biak goizeko 09:00etan abiatuko dira. Lehenengoak 60 kilometro ditu eta Ermua-Trabakua-Markina-Ondarroa-Deba-Eibar igaroko ditu. BTT-an parte hartzen dutenak Eibarko mendietatik barrena arituko dira.
Ekimenaren amaieran, haurrentzat opariak egongo dira eta Bizikleta Eguneko partaide guztientzat, hamaiketakoa.