Gizaburuagako tumuluaren indusketa arkeologikorako boluntario bila

2016/09/12
Gizaburuagako tumuluaren indusketa arkeologikorako boluntario bila
Karakate-Irukurutzeta mendilerroan dago. Irailaren 19an hasi eta urriaren 4ra bitarte iraungo dute indusketa lanek.
Gizaburuagako tumulua J.M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an eta 2003. urtetik monumentu gisa babestuta dago. 10 m-ko diametroa eta 0,3 m-ko altuera du tumuluak. Orain Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa arkeologikoa egingo du bertan eta horretarako boluntarioen bila dabil.

Irailaren 19an hasi eta urriaren 4ra bitarte iraungo dute indusketa lanek. Lanak goiz eta arratsaldez egingo dira astelehenetik larunbatera. Helburua da tumuluaren ezaugarriak ezagutzea eta egitura honi buruzko ahalik eta informazio gehien lortzea, ondare arkeologikoa babestu eta berreskuratu nahian.

Aranzadiko kideen gidaritzapean, gehienez 7 laguneko boluntario taldea arituko da indusketa lanetan. Otordua eta lanerako materiala bertan emango zaie boluntarioei. Interesatuek izena eman dezakete Aranzadiren 943 46 61 42 telefonora deituz (9:00 - 14:00) edo idazkaritza@aranzadi.eus helbidera idatziz. Soraluzeko herritarrek lehentasuna izango dute.

Gizaburuagako tumuluaren indusketa arkeologikoa Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalek sustatu dute, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka.