Geoparkeko I. Nekazaritza azoka Deban

2014/06/05
Geoparkeko I. Nekazaritza azoka Deban
Geoparkearen Astearen baitan, larunbatean, ekainak 7, ospatuko dute ‘GeoAzoka’. Geoparkeko eremu ezberdinetako baserrietan ekoitzitako produktuak salduko dira, besteak beste, salmenta zuzena sustatuz. Goizeko 9:00etatik 14:00etara.

Datorren larunbatean, ekainak 7, ‘GeoAzoka’ edo Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka egingo dute Deban, Alamedan, 09:00etatik 14.00etara, baserritarren lana ikustarazteko eta baliosteko helburuarekin eta bertako produktuen kontsumoa eta salmenta zuzena sustatu nahirik.

Larunbateko azokan, besteak beste, ardi ile mozketa erakustaldia, hainbat produktu dastatzeko aukera edota haurrentzako tailerrak ere izango dira.

Programa

Goizeko 9:00etatik 14:00ak arte, baserritarren salmenta postuak zabalik egongo dira: barazkiak, gazta, txakolina, sagardoa, marmeladak, etbar. Guztira, 16 salmenta postu egongo dira. Gainera, Endoiako (Deba) Beliosoro baserriko haragi ekoizleek burutzen duten salmenta zuzenari buruzko informazioa eskainiko da, baita ekoizpen ekologikoari buruzko informazioa ere.

Goizeko 10:00etan, "Kalez kale" txistulari taldearen eskutik kalejira egingo da herrian zehar, herritarrei azoka dagoela ohartarazteko.

Txikienek ere izango dute tokia azokan. Izan ere, 11:00etan eta 13:00etan haurrei zuzendutako tailerra egingo da, “Goazen merkatura!” lelopean.

Bestalde, helduei zein haurrei zuzenduta, Amaia Diez de Monasterioguren dietistaren eskutik, gosariaren eta meriendaren garrantziaz jabetzeko informazio puntua egongo da. Herritarrek euren kezkak azaltzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute.

Gainera, 10:30ean hasita ardi ile mozketa erakustaldiak egingo dira, eta 12:00etan hainbat produktu dastatzeko aukera izango dute herritarrek: Eusko Label hanburgesa, Getariako izendapena duten Sagarmiña eta Flysch txakolina eta Txindurri Iturriko sagardo ekologikoa. 

GeoAzokari amaiera emateko, 14:00etan, baserriko produktuekin osatutako otarra zozkatuko da bezeroen artean. Debako trikitilariek jarriko diote musika egunari eta giro paregabea ziurtatua egongo da goiz osoan zehar.