Arno guraso elkarteak mendi irteerak antolatu ohi ditu, Mendaro inguruko paraje ederrak ezagutzera emateko xedez. Oraingoan, ordea, 'Mendaro bizikletan' ekimena abian jarri dute, bi gurpilen gainean bisitari zein bertakoei herriko txoko ezezagunak erakusteko asmoz.
Bi ibilbide prestatu dituzte Arno taldekoek. Kilometro eta erdiko luzera izango du ibilbide motzak: Herriko Enparantzatik Lizarolaraino. Ibilbide luzeak, berriz, 2,5 kilometroko luzera izango du. Herriko Enparantzatik abiatu eta Lizarola eta Industrialdetik pasa ostean, Plaza auzoan amaituko da. Adin guztietako lagunek egiteko moduko ibilbideak direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Izena emateko epea ostiralean, martxoak 24, amaitzen da. Hortaz, interesatuek arnomendiage@gmail.com helbidera idatzi behar dute, joango diren lagunen izen-abizenak eta telefono zenbaki bat adieraziz.