Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordearen bisita bihar Debabarrenera

2016/01/27
Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordearen bisita bihar Debabarrenera
Itziar Epalza Turismo sailburuordearekin batera Turismo zuzendaria, Mertxe Garmendia, eta Basquetourreko zuzendaria, Arantza Madariaga, izango dira. Debegesa garapen agentziak sustatu du ekimena eta eskualdeko alkateek ere parte hartuko dute.

Bihar, osteguna, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak Debabarrenera egingo du bisita, Mertxe Garmendia Turismo zuzendariarekin eta Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariarekin batera. Ekimenaren helburua da sektore turistikoak eskualdean izan duen bilakaera balioan jartzea, eskualdeak eskaintzen dituen zenbat baliabide turistiko ezagutzea eta etorkizunera begirako proiektuak azaltzea.

Debegesaren ekimenez antolatutako bisita hau garapen agentziaren egoitzan hasiko da. Bertan sailburuordea eskualdeko alkateekin elkartuko da. Han izango dira Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos, Elgoibarko alkatea, Ane Beitia, Soraluzeko alkatea, Iker Aldazabal, Mendaroko alkatea, Sonia García, Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi, Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, Mallabiko alkatea, Igor Agirre, eta Ermuko alkateordea, Juan Carlos Abascal.

Ondoren, eskualdea ezagutzeko ibilbidea osatuko dute barnealdean hasi eta kostalderantz. Bidean ondare industrialarekin, gastronomiarekin, kirolarekin edota Mutrikuko itsas-ondarearekin loturiko zenbait baliabide turistiko bisitatuko dituzte. Eibarren, S.D. Eibar taldeak Ipuruan dituen instalazioak ezagutuko dituzte eta Armagintzaren Museora bisita egingo dute. Jarraian, Elgoibarren Makina Erremintaren Museoan geldialdia egingo dute eta Mendaron Txokolate fabrika ezagutuko dute. Ondoren, Mutrikura egingo dute bisita eta Bentalekua Museoan emango diote amaiera bisitari.