Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren azterketa arrakastaz gainditzea lortu du

2019/02/27
Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren azterketa arrakastaz gainditzea lortu du
Bigarren “Txartel Berdea” eskuratu du eta beste lau urtez eutsiko dio, 2022ra arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusorentzat: “proiektu sendoa eta garrantzitsua dugula agerian jartzen du honek, eta UNESCOren balioak betetzen ditugula”.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez, 2022. urtera arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio. Kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa, “Green Card” edo Txartel Berdearekin; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek.

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen bigarren aldia da, eta ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearentzat: “proiektu sendoa eta garrantzitsua dugula agerian jartzen du aitorpen honek, eta UNESCOren balioak betetzen ditugula”.

Gaur goizean jaso du Geoparkeak albistearen berri, UNESCOren webgunean argitaratu denean. Albistea “poztasun handiz” jaso dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Udalek, Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek.

Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso ere “oso pozik” agertu da bigarren txartel berdea eskuratuta. “Aitorpen honek hauspoa ematen digu eta lanean segiko dugu gure ondare naturala eta kulturala zaindu eta sustatzeko”, adierazi du.

Halaber, Barriusok albistea ospatzeko nahia agertu du “era batera edo bestera Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren lagun guztiei helarazi nahi genieke gure esker ona, erakundeei, gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-arloko eragileei eta, noski, Geoparkeko herritarrei, izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da”.

UNESCOko adituen azterketa 2018ko uztailaren 10etik 12ra bitartean egin zen. Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendaria, Mike Sweeney, eta Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendariordea, Marekazu Ohno, izan ziren Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zuten bi ebaluatzaileak. Hiru egunez agenda bete-betea izan zuten; Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten eta eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartu ziren.

Orduan, UNESCOko bi ebaluatzaileek “oso positibotzat” jo zuten Geoparkea egiten ari den lana bertako ondare geologikoaren zabalkundea eta kontserbazioa sustatzeko, bertako kulturari eta historiari lotua, baita erakunde ezberdinen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza estua ere.