FITUR Nazioarteko Turismo feriaren ateak asteazkenean zabalduko dira, Madrilen, eta beste urte batez Debabarrena eskualdea bertan izango da, bisitariei eskualdeko erakargarritasunen berri emateko.
Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen erakusmahaian, bisitariei Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie: Euskal Kostaldeko Geoparkea, ostatu eta zerbitzuen gida, eskualdeko herrien informazioa, BTT ibilbideak, museo industrialak, etab.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena
Bihar asteazkena, 17:00etan, Euskadiko standean Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena egingo da, berriki UNESCOren Munduko Geoparke izendatua. Deba, Mutriku eta Zumaiako herriek osatzen dute Geoparkea eta aparteko ondare geologiko, natural eta kulturala gordetzen du, Euskadin daukagun proposamen erakargarrienetakoa osatuz.
Ekitaldian izango dira Basquetour eta Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ordezkariak, alkateak buru direlarik, Jose Angel Lizardi, Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea, Debako alkatea eta Oier Korta, Zumaiako alkatea. Haiekin batera izango dira Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako ordezkariak. Horien artean, Debegesa garapen agentziako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas, eta Turismo saileko arduraduna, Cristina Iturriagagoitia.