Elgoibarko Kalegoen Plazak dantza erakustaldi bat hartuko du datorren larunbatean

2017/05/02
Elgoibarko Kalegoen Plazak dantza erakustaldi bat hartuko du datorren larunbatean
Dantzaren Nazioarteko Egunaren baitan, Biraka Dantza Taldeko 200 bat lagunek herriko kaleak hartu eta Kalegoen Plazara eguerdiko 12:30ean ikuskizun ederra eskainiko diete bertaratzen diren bizilagun zein bisitariei

Elgoibar eta Debabarrena Dantzaren Nazioarteko Egunean murgilduak daude dagoeneko. Datorren larunbatean, maiatzak 6, eguerdiko 12:30ean, Kalegoen Plazak Biraka Dantza taldeko kideak buru-belarri prestatzen ari diren dantza erakustaldia hartuko du.

Guztira 200 bat dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean. Biraka dantza taldeko ikasleak dira denak, gehienak Elgoibar, Eibar eta Mendarotik datozenak. Haien eskutik, maiatzaren 6an Kalegoen ingurutik igarotzen diren bizilagun eta bisitariek dantza ikuskizun zoragarri batez gozatzeko aukera aparta izango dute.

Birakak Elgoibarren eskainitako azken dantza-muntaia 2011n egin zen. Balantzea positiboa izan zen; euria egin arren, Udaleko arkupetan egin baitzen dantzaldia.

Bisitariek eta Elgoibarko bizilagunek hitzordu ederra dute datorren larunbatean hortaz. Ekimen honen helburua da herrian plan berezi bat eskaintzea, dantzaren eta kulturaren inguruan, ahalik eta jende gehien elkartzeko. Biraka taldeak Elgoibarren eskaintzen duen hirugarren dantza-saioa izango da datorren larunbatekoa.

Ekitaldia hasteko Biraka Dantza taldeko ikasleek euren prestakuntza saioetan berotzeko egin ohi dituzten barrako ariketak eskainiko dituzte. Ondoren, Aldapan Gora abestiaz lagunduta, koreografia bat dantzatuko dute. Azken pieza hori Elorrio eta Galdakao bezalako herrietan interpretatu izan dute aurretik.

Halaber, datorren larunbateko emanaldian Elgoibar KE-ri keinu bat egingo diote Birakako dantzariek, bere sorreraren 100.urteurrena dela-eta. Hala, dantza-saioan Elgoibarko KE-ren kolore txuri-gorriak present egongo dira, batez ere emanaldiaren amaieran, serpentina txuri-gorriak botako baitira.