Eibarko iragana eta oraina, herriko kaleak jantziko dituzten hainbat iruditan jasoak

2017/03/20
Eibarko iragana eta oraina, herriko kaleak jantziko dituzten hainbat iruditan jasoak
Gorka Castrillok 'Eibar erretrofotografiatu' proiektua amaitu berri du. Urte betez lehengo eta oraingo argazkiak batzen egon da, leku berean aterata eta ikuspegi berdinetik. Ezbairik gabe, egitasmo honek balioan jartzen ditu hiriaren ondare kulturala eta historikoa. Aurreikusten da, 2017 urte amaierarako Castrillok egindako hamar bat erretro-argazki Eibarko kaleetan ipintzea, modu bisualean, bere historia bisitari zein bertakoei gerturatzeko asmoz

Argazki bat leku berean baina une ezberdinetan ateratzea: horixe da erretrofotografia deritzon teknika, eta horixe da Gorka Castrillo eibartarrak Ego Ibarrarentzako egingo duen lana, 'Eibar erretrofotografiatu" izenpean. Guztira 350 erretro-argazki landu ditu, eta aurreikusita dago, hamar bat irudik 2017 amaierarako Eibarko kaleak atontzea.

Ikerketa proiektu honek 1950. eta 1970. arteko Eibarrera bueltatu eta hura bisitatu nahi izan du. Eta data aukeraketa hori ez da ausazko erabakia izan: hamarkada horietan aldaketa sakonak jasan zituen hiriak: gerra osteko berreraikitze-prozesua bukatu zen, aldaketa ekonomiko-industrialak milaka pertsona erakarri zituen 1950 eta 1970 bitartean, eta, azkenik gainbehera, tailer handiek Eibartik alde egin zutenean.

Argazkien bilketa-lanak eta argazkiak berriro egiteak hiriaren aldaketa nolakoa izan den ikusaraziko digute: Eibar ekonomia industrialeko hiri bat izatetik merkataritza-hiri izatera nola pasa den. Argazki bata bestearen gainean jarrita, geruzaz geruza joan da egilea  hiriaren urte garrantzitsu haietako historia josten. Castrillok jorratutako gaien artean daude kirola, jaiak, industria, inmigrazioa, udal obrak...

Lanaren lagin bat ikusgai dago, auzoz auzo banatuta, ondorengo pdf-an.

Proiektua amaituta, Ego batzordeak 350 argazki horien artean aurre-aukeraketa bat egingo du eta jakitera eman dutenez, aurreikuspena eta helburua da, 2017 urte amaierarako, hamar bat argazki Eibarko kaleetan ipintzea, hiriaren historia bisitari zein tokikoek bertatik bertara ezagutu dezaten.