Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa zein pasaia-balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, doako bisita gidatuen programa berria abiarazi dute. Irteera hauek maiatza eta abuztua bitartean egingo dira.
Egitasmoa datorren maiatzaren 26an abiatuko da, igandez. Lehendabiziko bisita gidatua euskaraz izango da. Hortik aurrera, datozen irteeretako datak honako hauek dira: ekainak 29 (euskaraz), uztailak 7 (gaztelaniaz), uztailak 14 (euskaraz), uztailak 21 (gaztelaniaz), uztailak 28 (euskaraz) eta abuztuak 10 (gaztelaniaz). Guztira 7 bisita gidatu aurreikusi dira.
Ibilbide gidatuak 9 kilometroko luzera eta hiru ordu eta erdiko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa.
Edertasun handiko paisaiak zeharkatzen dira ibilbidean zehar eta balio arkeologiko handiko interesguneak aurki daitezke bertan. Mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat. Antzina, Dolmenen Ibilbidea Deba eta Urola ibaien bailaren arteko igarobidea zen; gaur egun arrasto anitz aurkitzen diren ingurunea da.
Bisita gidatuak Karakateko aparkalekutik aterako dira, Soraluzen, goizeko 10:00etan. Ibilaldiari amaiera emateko parte-hartzaileek gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea gomendatzen da.
Aurrez izena ematea beharrezkoa da. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz. Ibilaldian parte hartzeko gomendatutako gutxieneko adina 7 urtekoa da.
Bisita gidatu hauek Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalen ekimenez jarri dira aurten ere martxan, Dolmenen Ibilbidea ikertzeko, balioan jartzeko eta gizarteratzen jarraitzeko helburuari eutsiz.
Ikerketaren eremuari dagokionean, aurreikusita dauden jardueren artean, ekainaren hasieran Dolmenen Ibilbidean aurkitzen diren zenbait tumulu eta trikuharriren indusketa lanak hasiko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Zehazki, Agirreburu, Frantsesbasoa, Sabua eta Irukurutzetako elementu megalitikoetan egingo dira indusketak lanak.
Horretarako, laguntzeko prest dauden boluntarioen bila dabil Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldea. Parte hartu nahi dutenek izena eman eman behar dute jtapia@aranzadi.eus helbidera idatziz (Jesus Tapia, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeololgoa). Izena emateko epea zabalik egongo da maiatzaren 30era bitartean.
Aurki Dolmenen Ibilbideari buruzko microsite berria martxan izango da www.debabarrenaturismo.com webgunearen barruan. Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen dituen ibilbide honi buruzko informazio guztia jasoko da bertan. Ibilbidean zehar ikus daitekezkeen historiaurreko monumentu bakoitzaren fitxa eta Aranzadi Zientzia Elkarteak burutu dituen txosten arkeologikoak kontsultatu ahal izango dira. Microsite-ak, halaber, ibilbidearen tracka deskargatzeko aukera emango du.
Bestalde, Dolmenen Ibilbideari eskainitako liburuxka turistiko berria editatuko da. Liburuxkak Karakate eta Iturriberri arteko mendilerroaren mapa erakutsiko du, bertan dauden 19 monumentuen kokapenarekin. Bertara iristeko jarraibideak ere azalduko dira. Liburuxka ikusgai egongo da debabarrenaturismo.com webgunean; eskuragarri egongo da, baita ere, Bergarako eta Debabarreneko bi turismo bulegoetan (Mutrikun eta Deban), Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Soraluzeko Udaletxean.
Jarduera hauek guztiek Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren eta Kultura Sailburuordetzaren diru-laguntza jaso dute. Era berean, indusketa lan eta elementu arkeologikoak balioan ipintzeko ekimenek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren laguntza ekonomikoa jaso dute.