Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako 9 bisita gidatu antolatu dira. Datorren ekainaren 11an, igandean, ekingo zaie bisitei eta urriaren 7an amaituko dira. 9 kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino, eta buelta berriz Karakatera.
Bisita gidatuen eta 2017an aurreikusitako lanen aurkezpenean egon dira Soraluzeko alkatea, Iker Aldazabal; Bergarako alkateordea, Maite Agirre; Elgoibarko kultur zinegotzia, Andrea Arriola; Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa, Jesus Tapia; eta Debegesako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas.
Dolmenen Ibilbideak Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, eta Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen ditu.
Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Bisita gidatuak igandez egingo dira, 10:30etik 13:30era. Honatx datak:
Behin ibilbidea amaituta, gazta, ogia eta sagardoa izango dira dastagarri. Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da turismo@debegesa.eus helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz (Ainara Lasa, Debegesa).
Dolmenen Ibilbidearen 2017ko lan-plangintzan jaso bezala, Aranzadi Zientzia Elkartea datozen egunotan hasiko da Gizaburuako trikuharriaren indusketa eta berrinterpretatze lanetan (data zehatza laster emango da ezagutzera).
Ikerketaren helburua da Gizaburuako trikuharriaren egitura arkitektonikoa eta bere baitan duen edukia ezagutzea, ondoren, hori guztia balioan jartzeko. 2016an egindako indusketek informazio baliagarria lortzea ahalbidetu zuten. Aranzadi Zientzia Elkarteak dioenez, ordura arte ez zekiten Gizaburuako elementua trikuharri bat zenik. Tumulu soil bat bezala zegoen katalogatuta: jakina zen hilobi bat estaltzeko erabili ohi zen harri-multzoa zela, baina ez zen ezagutzen zein hilobi-mota gordetzen zuen azpian. Iaz, hilobiaren ganbara aurkitu zuten Aranzadiko kideek. Hala, trikuharria zela baieztatu ez ezik, azken aldiz erabilia izan zeneko arrastoak ere aurkitu zituzten.
Adituen esanetan, Gizaburuako trikuharriaren azken erabilera hori kremazio-erritu batekin lotuta dago, erraustutako giza hezurrak eta zeramikazko kutxa baten zatiak aurkitu baitziren bertan.
Gizaburuako trikuharriaren azken erabilpen hori Azken Brontze Aroan edo Burdin Aroan (K.a. 1.200-700 urte) kokatzen dute adituek, trikuharri horretan garai hori baino lehenagoko piezak aurkitu badituzte ere. Egingo diren hurrengo ikerkuntza lanen helburua da, trikuharriaren azpia arakatuz, antzinako beste erabilpenik eman zitzaion ezagutzea, seguruenik, zientzialarien ustez, Neolito (4.500-2.500 urte k.a) eta Antzinako Brontze Aroen bueltan (2.000 urte k.a).
Ikerketa eta indusketa lanak burutzeko boluntarioak behar dira. Interesatuek izena eman dezakete jtapia@aranzadi.eus helbidera idatziz edo 676 49 01 43 (Jesus Tapia) telefonora deituz.
Dolmenen Ibilbideak Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen ditu. Hiru Udalak erosketa publikoan oinarritutako kudeaketa sistema bat ezartzearen aldeko apustua ari dira egiten. Adibide modura, Soraluzeko Udalak 33.000 metro koadroko lur-saila erosi zuen. Eta 2017an, 17.000 metro koadroko eremuaren erosketa aurreikusten du Udalak. Halako neurriek Dolmenen Ibilbidearen kudeaketa, mantentze eta zainketa hobea ahalbidetzen dute. Halaber, azpimarratzekoa da egingo diren indusketak lursail publikoetan egingo direla, eta pribatuetan egingo direnek eremu horietako jabeen baimena dute.
2017ko lan programa Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako Udalek elkarlanean taxutu eta garatu dute, Debegesa Debabarreneko garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Halaber, Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ere parte hartu dute.
Urte honen amaiaren, Dolmenen Ibilbidearen hiru elementuren interpretazio birtualari ekingo zaio: Keixetako Egiya Hegokoa trikuharria, Arribiribilletako menhirra eta Gizaburuako trikuharria zein bertan egingo diren indusketa lanetan aurkituko diren elementuak.
Lan horren funtsa da arkeologoek egindako aurkikuntzen gainean interpretazio birtual bat egitea, elementu megalitiko horien sorrera irudikatzeko xedez.
Paleoingurumen ikerketetan oinarrituz egingo da errepresentazio birtuala, bai elementu megalitikoak bai ingurunea barne hartuz.
2013an aurkeztu zen ofizialki Dolmenen Ibilbidea. Proiektu hau aurrera eramateko arrazoien artean daude ibilbideak eta, orokorrean, inguruneak daukan potentzial turistikoa. Lau urte hauetan berretsi egin da ibilbideak duen interes turistikoa, bisitari asko gerturatzen baitira ibilbidea egitera.
Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapenarekin, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotuz.
Ibilbideak edertasun eta balio handiko kultur eta historia ondarea dauka. Dolmenen Ibilbidean, Aita Barandiaranek hala izendatu zuen, antzina Deba eta Urola bailaren arteko igarobidea izan zen lurretan sartzen gara. Bertan gure arbasoen aztarnak ikus daitezke, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa, hain zuzen. Dolmen hauek Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Ikuspegi ederrek gainera, are interesgarriagoa egiten dute ibilbidea.