Denis Itxaso Turismo diputatuaren bisita Debabarrenera

2016/05/25
Denis Itxaso Turismo diputatuaren bisita Debabarrenera
Debabarreneko eskualde garapenerako Debegesa agentziak sustatu du bisita; Denis Itxaso Gipuzkoako Ahaldun nagusiordea eta Turismo diputatuarekin batera izan dira Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, Debegesako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas, eta Debegesako Turismo arduraduna, Cristina Iturriagagoitia.

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Maite Cruzado Aldundiko Turismo Zuzendariak Debabarrena eskualdea bisitatu dute gaur, hilak 25, Debegesa garapen agentziak gonbidatuta. Haiekin batera izan dira Debegesako zuzendari orokorra, Juan Angel Balbas, garapen agentziako Turismo arduraduna, Cristina Iturriagagoitia,  Debako alkatea,  Pedro Bengoetxea, eta Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi. Debabarreneko turismo proiektu nagusiak ezagutzea eta eskualdeko eragile ezberdinekin batzea izan da bisitaren helburu nagusia.

Denis Itxasok adierazi duenez, "Aldundian uste dugu Debabarrena eskualdeko herriak Gipuzkoako lurraldeak bizi duen hazkunde turistikoaren estrategiaren erdigunean kokatuko direla. Donostiako turismo bulego berrian gure lurraldeko herriek eskaintzen dituzten erakargarritasunak erakutsi behar ditugu, turistentzat deskubrimendu bat izango delako bertako paisaia, hondartza eta gastronomia ezagutzea“.

Bisita goizeko 10:00etan hasi da Debako turismo bulegoan. Bertan Cristina Iturriagagoitiak, Debegesako Turismo arduradunak, eskualdeko proiektu eta baliabide turistiko nagusiak azaldu ditu. Jarraian, Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektuan jarri dute arreta nagusia. Geoparkea osatzen dute Debabarreneko kostaldeko bi herriek, Debak eta Mutrikuk, ondoko Zumaiarekin batera. Geoparkeko gerente Leire Barriusok egin du Geoparkearen aurkezpena.

Aurkezpen hauen ostean, Debako pantalanera abiatu dira, uda denboraldiari begira dagoeneko prest baita, eta ontziratu egin dira Sakonetaraino itsas-ibilaldi bat egiteko asmoz, flyscheko itsaslabarrak ikusiz. Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoa izan dute gidari itsas-irteeran zehar.

Ondoren, Mutrikura abiatu dira. Bertan bisita gidatua egin dute baliabide turistiko garrantzitsuenak ikusiz, hala nola, Nautilus Interpretazio Zentroa, herriko hirigune historikoa Monumentu Multzo izendatua, eta Bentalekua Museoa. Han bertako produktuak dastatzeko aukera izan dute eta bisita 15:30 aldera amaitu da.

Gipuzkoa altxorrez betea dago, Geoparkea adibide, benetan ikusgarria, edota Deba eta Mutriku bezalako kostaldeko herri xarmangarriak, bisitatzea merezi duten lekuak. Turismoa lurraldearen suspertze ekonomikorako funtsezko sektorea bihurtu da. Hori dela eta, Aldundiaren helburua da turismo eredu jasangarri bat bultzatzea enplegua eta aberastasuna lurralde osoan modu orekatuan eta banatuan sortzen lagunduko duena” azpimarratu du Itxasok.

Arrazoi hori dela eta sortu du Aldundiko Kultura eta Turismo Sailak Turismo Mahaia, turismoarekin lotura duten sektore eta erakundeek osatua, hau da, Gipuzkoako lobby antzeko bat turismoaren garapen orekatu baten alde lan egingo duena, sektore eta eskualde guztiei onura ekartzeko. Mahai honetan parte hartzen du Geogarapen elkarteak, Geoparkearen kudeaketarako elkarteak. “Helburua da guztion artean erabakitzea estrategia publikoak nahiz pribatuak. Gipuzkoaren eta bere hiriburuaren, Donostiaren, arteko aliantzak garrantzia estrategikoa dauka denok batera aurrera egin ahal izateko politika partekatuetan”, azaldu du Denis Itxaso Turismo diputatuak.