Debako Pasealeku Estalia arropa ederrez jantzi dute Haitz Haundi pintura elkarteko kideek. Aurrerantzean, bertatik igarotzen diren bizilagun eta turistek kultur esparruko arpegi ezagunen lau margolan erraldoiez (bakoitzak 2 metroko oinarria eta 2,5 metroko altuera du) gozatzeko aukera izango dute.
Erretratu horiek kultura eta arte munduko pertsonai ezagunen arpegiak islatzen dituzte: Frida Khalo artista mexikarra; Mikel Laboa musikari eta abeslaria; Xabier Lete idazlea, eta Maialen Lujanbio bertsolaria.
Obra horiek guztiak Haitz-Haundi pintura elkarteko kideen artean egin dira, taldearen 25. urteurrenaren ospakizunen baitan.
Elkarteko Isidor Lamarianok aditzera eman duezenez, erretratu horiek gutxienez urte betez jantziko dituzte Debako Pasealeku Estaliko hormak; "Eremu zabala da eta lau pintura hauez gain, beste zenbait gehitzen joango gara, pasealekua arte galeria batean bihurtu arte". "Margolan bilduma hau Haitz-Hundik bere 25.urteurrenean Debako herriari egiten dion oparia da", gaineratu du.