Debabarreneko ‘Tripontziak’ lehiaketako irabazleak ezagutzen ditugu dagoeneko. Jasotako argazki guztien artean, puntu gehien lortu dituzten erabiltzaileak, @libargutxieta @ainhilarra izan dira. Biek, lehen saria irabazi dute, eta hiru puntura berdinduta geratu dira sailkapenean. Bigarren modalitateko saria berriz, argazki originalarendako izan da. Kasu honetan, @11vigui erabiltzaileak irabazi du, Kanala jatetxean ateratako argazkiarengatik.
Hiru lehiakideek, sari sorta bikaina irabazi dute: gau bateko egonaldia eta gosaria bi lagunentzat Perlakua-Saka nekazalturismo jatetxean (Deba), bazkaria edo afaria bi lagunentzat lehiaketan parte hartu duten Debabarreneko Klub gastronomikoko jatetxe batean (12 jatetxek parte hartu dute), eta azkenik, Klubeko establezimenduetako produktuekin (Goienetxe eta Goikolako gazta, Txindurri Iturriko sagardo ekologikoa eta Mendaroko Txokolateak) egindako otarra. 2014ko abenduaren 31a baino lehen gozatu ahal izango dituzte sariak.
Guztira, 25 argazki aurkeztu dira lehiaketara. Xehetasun gehiagowww.debabarrenaturismo/eu/gastronomia webgunean.
2014ko ekainaren 13tik 29ra bitartean luzatutako lehiaketa izan zen, eskualdeko Produktu Klubeko kide diren hainbat jatetxe eta pintxo tabernen partaidetzarekin, eta Debegesak sustatuta. Guztira, 12 jatetxek eta 4 pintxo tabernek parte hartu zuten.
Lehiaketan parte hartzeko, herritarrek edo bezeroek establezimendu hauetako batean dastatu zuten plater edo produktuen argazki bat igo behar zuten Twitter sare sozialera#tripontziak idatziz.
Gainera, lehiaketak iraun zuen bitartean, menu eta pintxo bereziak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek eskaintza berezietan. Jatetxeetan 25 euroko menu landuak (BEZa barne) eskaini ziren eta tabernetan bi pintxo eta bi edari 4 euroko prezioan.