Urriaren 23tik 25era, Debabarreneko ordezkaritza batek Dordoinako frantziar departamendura egin du prospekzio bidaia, Debegesa Garapen Agentziak antolatuta. Ekimenaren helburua izan da historiaurreko ondarea eta, oro har, kultur ondarea balioan jartzeko estrategiak, batetik, eta turismo jasangarri eta kalitatezkoa sustatzeko elkarlan publiko-pribaturako ereduak, bestetik, ezagutzea eta elkar trukatzea.
Honako hauek izan dira ordezkaritza osatu dutenak: Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, kostaldeko bi herri hauetako turismo teknikariak, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eibarko Udaleko, Debemeneko eta Debegesako ordezkariak.
Bidaiak iraun duen hiru egunetan, kultur ondarea balioan jartzeko eta lurraldearen garapen turistiko eta jasangarria sustatzeko estrategiak ezagutzeko eta elkar trukatzeko aukera izan dute, Frantziako Grand Site egitasmoa gertutik ezagutu dute (historiaurreko ondarea lantzeko proiektua eta marka estrategikoa), nekazal sektorearen ekarpenaren berri izan dute, eta Dordoina Perigord-Noir lurraldearen turismo-estrategian sektore pribatuaren partaidetza aztertu dute.
Halaber, bilerak egin dituzte erakunde ezberdinetako ordezkariekin eta sektore pribatuarekin, besteak beste, turismoaren sustapenean lankidetza publiko-pribaturako ereduak eta negozio aukerak ezagutzeko. Bisitatu dituzten tokien artean daude: Dordoina bailara, Vézère bailara eta Historiaurreko Nazioarteko Zentroa, Padirac haitzuloa eta Causses du Quercy UNESCOren Geoparkea.