Dagoeneko Gabonak pasatu diren arren, Debabarrenean gozoki garaia ez da bukatu. Urte osoan eskuratu daitezkeen Mendaroko Txokolateaz gain, otsailean San Blas opilak egiten dira, izen bereko santuaren omenez.
San Blas egunerako gozokiak prestatzeko ohitura ez da Debabarrenean soilik ematen, Euskadiko hainbat herritan errotuta baitago. Adibidez, Abadiñon anis zaporea duten erroskilla glasatuak egiten dira. Eibarren, Elgoibarren eta Soraluzen, aldiz, opila egiten da, forma borobil edo laukizuzena duena, betiere anis zaporea eta glasatu txuriarekin. Ohiko osagaiak gari-irina, arrautzak, azukrea eta txerri-gantza dira, nahiz eta dendetan opil begetarianoak edo glutenik gabekoak ere badauden. Anisa ahaztu gabe, honekin ematen baitzaio opilari bere zaporea, baita glasatuari ere.
Gure eskualdean, Eibarren eta Soraluzen bereziki, otsailaren 3a jai eguna izan da betidanik. Jende askok oraindik etxean egiten ditu opilak, eta egunean bertan elizara eramaten dituzte bedeinkatzera. Herri sinesmenaren arabera, San Blasek eztarriko gaitzen aurkako botereak omen ditu; horretarako, opilak jateaz gain, kordoi zati bat bedeinkatzera eraman behar da, eta bederatzi egunez zintzurra lotuta eraman. Denbora hori igaro ondoren, erre egiten da, eta katarroen, amigdalitisen eta beste gaitz batzuen aurkako babesa ematen du urtebetez.
Beste garai batean eskuz bakarrik egiten ziren arren, opilak jatea urtarrilaren amaierara eta otsailaren hasierara mugatuz, gaur egun San Blas opilak aurki daitezke elikadura denda askotan, urte osoan zehar. Etxean prestatzera animatzen bazara, errezeta oso erraza da.