Sevatur Turismo Azokaren azken edizioak atzo, martxoak 19, itxi zituen bere ateak. Hiru jardunaldiz bertaratutako jendeak Kursaalean finkatutako helmuga turistikoen produktu eta eskaintza turistikoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.
Gipuzkoako promozio turistikorako ipinitako San Sebastian Region stand-ean lurraldeko erakarpen turistikoei buruzko aurkezpen ofiziala egin zen azokaren irekieran. Bertan, Turismo, Kultura eta Kirol Diputatua den Denis Itxasok nabarmendu zuen San Sebastian Region markak, bere lehen urteurrenean "onarpen eta harrera bikaina" izan duela. "Marka berriak lurraldearen eskaintza turistikoa sustatzea lortu du. Gipuzkoak apostu irmoa egiten du hiriburuaren erakarpenak ezagutzera eman ez ezik, kostaldeak eta barnealdeak dituzten baliabide turistikoak balioan jartzeko". .
Gure eskualdeak irudi berriztatua aurkeztu zuen Sevaturren, foileto turistiko berri baten eskutik. Bertan Debabarrena bisitatzen hamar arrazoi nagusiak biltzen dira: Euskal Kostaldeko Geoparkea, gure hondartzak, gastronomia, natura, ondare historikoa, industria ondarea, negozio turismoa, euskal kultura eta kirola. Halaber, argitalpen berrian eskualdea osatzen duten zortzi udalerrien eskaintza turistiko nagusiak jasotzen dira, modu bisual eta grafikoan.
Debabarreneko turismo katalogo berriak harrera oso ona izan zuen San Sebastian Region-eko standean zeuden informatzaileen arabera. Argitalpen berriaz gain, eskualdearen eskaintza turistikoa osatuz, jendearentzat eskuragarri egon ziren hiru egunez Debako udal gida, Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuak eta Mutrikuko turismo esku-orria, besteak beste.