Debabarrena aurten ere Madrilgo FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izan da, turismoaren ezinbesteko hitzordua, bost egunetan zehar, urtarrilaren 22tik 26ra.
40. edizio honetan, Euskadi-Basque Country standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri eman zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa… beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea Mutrikuk, Debak (Debabarrena) eta Zumaiak, Urola Kostatik, osatua.
Urtero bezala, Debabarreneko ordezkaritza bat Madrilgo azokara gerturatu da: Debako eta Mutrikuko Alkateak, Gilen Garcia eta Joseba Palenzuela; Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso; eskualdeko turismo bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba) eta Marta Amonarriz (Mutriku); Juan Angel Balbas, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako zuzendari nagusia, eta Aitziber Cortazar, Debabarrena eskualdeko turismo arduraduna, besteak beste.