Debabarreneko eskualdea FITURen da beste behin. Nazioarteko Turismo Azoka asteazkena 17tik igandera arte, hilak 21, egongo da irekita. Ezbairik gabe aukera paregabea izango da eskualdea eta bere eskaintza turistikoa promozionatzeko
38. edizio honetan, Euskadi-Basque Country standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa… beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea Mutrikuk, Debak (Debabarrena) eta Zumaiak, Urola Kostatik, osatua.
Horren harira, nabarmentzekoa da Geoparkeak aurten presentzia bikoitza izango duela FITUR turismo azokan. Batetik, Euskadi-Basque Country-ko standean izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak edukiko duen berezko txokoan.
Debabarreneko ordezkaritza bat Madrilgo azokara abiatuko da asteazkenean: Debako eta Mutrikuko Alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi; Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso; eskualdeko turismo bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba) eta Marta Amonarriz (Mutriku) -azken honek inaugurazio egunean euskal kostaldeko museoen inguruko hitzaldia eskainiko du-; Juan Angel Balbas, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziako zuzendari nagusia, eta Aitziber Cortazar, Debabarrena eskualdeko turismo arduraduna, besteak beste.
Debabarrenak Gipuzkoa kostaldeko erakarpenen berri emango du
Fitur 2018 edizioan, Euskadi-Basque Country stand berean hainbat informazio gune ipiniko dira, Euskadiko barnealdea zein kostaldea bere osotasunean ezagutzera emateko xedez. Hala, azokara doazen bisitariek Euskadiko baliabide, produktu eta erakarpen turistiko desberdinen inguruko informazioa jaso ahal izango dute.
Gipuzkoa Kostaldeak berezko stand-a izango du, non berau osatzen duten lau eskualdeen berri emango den. Madrilgo nazioarteko azokaren 38.edizio honetan, Debabarrena eskualdea egongo da Gipuzkoako kostako baliabideen inguruko informazioa eskaintzen, bai publiko orokorrari baita sektoreko profesionalei ere.