Debababarrenak bere turismo-eskaintza emango du ezagutzera Explore San Sebastian Region Bulegoan, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea erakarpen nagusi gisa nabarmenduz

2017/11/08
Debababarrenak bere turismo-eskaintza emango du ezagutzera Explore San Sebastian Region Bulegoan, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea erakarpen nagusi gisa nabarmenduz
Epe motzerako agendan, Tripontziak dugu ate joka. Datorren ostiralean, azaroak 10, emango zaio hasiera Debabarreneko garaiko produktuak balioan jarri nahi dituen ekimen gastronomiko honi. Eskualdeko zazpi jatetxek azaroaren 26ra arte Tripontziak menuak eskainiko dituzte, bertako produktua protagonista izaki. Partaideen artean sari zaporetsuak zozketatuko dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismoko Departamentuak “Eskualdeen txokoa” programa jarri du martxan Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Helburua, Gipuzkoako eskualdeetako herri eta baliabide turistikoak ezagutzera ematea da, hiriburuko turismo sektoreari, Donostiarrei eta orokorrean Gipuzkoarrei zein Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei. Ekimen hau aurtengo urtarrilean jarri zen martxan eta, hilabetero, Gipuzkoako eskualde batek bere eskaintza turistikoa aurkezten du aipatutako turismo bulegoan. Horiek horrela, azaroan Debabarrena eskualdearen txanda izango da. Debabarrenaren presentzia datorren azaroaren 8an, asteazkenean, hasiko da, hedabideei eta hiriburuko zein lurraldeko sektore turistikoari zuzendutako aurkezpenaren eskutik.

Bizi #Debabarrena

Debabarrena produktu-anitzeko jomuga modura aurkez daiteke. Hots, bisitariari ekintza esperiantzialak eskaintzen dizkion eskualdea dela nabarmenduko da, non turista bera den protagonista nagusia. Hala, jarduera kultural-gastronomikoak, naturarekin lotutakoak, eta eskualdeak duen ondare anitza ezagutzera emango dira. Horiek guztiek, besteak beste, urte guztian zehar familian bisitatzeko helmuga interesgarri bihurtzen dute Debabarrena eskualdea.

Izan ere, Debabarrenak makina bat alternatiba eskaintzen ditu, eskualdea sentitzeko, eta batez ere, zentzu guztiekin berau bizitzeko: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak, Debabarreneko bi udalerrik osatzen dutena, Deba eta Mutriku, -Zumaiarekin batera, Urola Kostatik- urte osoan bisita gidatu mordoxka eskaintzen ditu flyscharen itsaslabar zirarragarriak edota barneko mendi berdeak zein bailara ezkutuak ezagutzeko. Debabarreneko hondartzak ezin hobeak dira kayak-ean aritzeko, edo surfa zein stand up paddle bezalako ur-kirolak praktikatzeko. Mutrikuko igerileku naturaletan ere bainu bat eman daiteke, eta bertatik herriko portu xarmangarria ikusi, edota flysch beltzaren aztarnak antzeman. Flysch Beltza Geoparkeko zaharrena da, eta bertan aurkitu diren fosil erraldoiak Nautilus Interpretazio Zentroan daude ikusgai.  

Debabarrena bisitatzen duenak Itziarko baserri batean sagarrak jaso eta ondoren bertan egiten den sagardoa dastatu dezake, gazta zati batekin lagunduz; jaki gozoak gustuko dituztenek, Mendaroko Txokolateak Saint-Girons 1850 establezimenduko errota eta dendara gerturatu daitezke. Txokolatea egiteko aitzinako prozesu berdina mantentzen dute bertan; toki benetan magikoa, ezbairik gabe. Halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkean, bisitariari irina oreatzeko eta taloak egiteko aukera eskaintzen zaio, Debako Lastur bailara liluragarrian. Esperientzia gastronomiko horiek guztiez gain, futbol-zaleek, SD Eibarren koloreak sentitu ditzakete, Eibarko Futbol Taldearen futbol-zelai mitikoa den Ipuruako instalazioak bisitatuz.

Kosta eta barnealdea, bisitariak nahieran

Debabarreneko kosta Debak eta Mutrikuk osatzen dute, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkean kokatzen direnak. Kostako bi herri horiek eskualdeak hartzen dituen bisitari kopuru gehiena eureganatzen dute: Deba, ur-kirol eskaintza zabalarekin, flyscharen itsaslabarrak ikusteko begiratoki itzelekin, eta ondare historiko arribitxiez josia, hala nola, Done Jakue Bidea, UNESCO-ko ondare diren Ekaingo kobak, edota Santa Maria Eliza, Euskal Altxor Gotikoa. Eta Mutriku, benetazko itsas-zaporea duen bale-herria; Cosme Damián de Churruca eta Antonio de Gaztañeta nabigatzaile entzutetsuen jaioterria, Monumentu Multzo izendatutako alde zahar eder bat erdigunetzat duena. Nabarmentzekoa halaber Nautilus Museoa, fosil erraldoiak hartzen dituen interpretazio zentroa.

Debabarreneko eskualdearen barnekaldeak eskaintza zabala hartzen du bere baitan: Mutrikuko Olatz eta Debako Lastur bailara ezkutuak, Elgoibarko eta Eibarko industria ondarea -ezinbesteko bisita eskatzen dute, hurrenez hurren, Makina-Erramintako Museoak (Elgoibar) eta Armagintza Museoak (Eibar)-; Elgoibar eta Soraluze bitartean igarotzen den Dolmenen Ibilbidea, eta Mendaro, gutizi gozoenarekin: txokolatea. Ermua eta Eibar MICE edo negozio Turismoa hartzeko eremu bikainak dira; dituzten punta-puntako enpresa eta berrikuntza zentroak tarteko, urtean zehar nazioarte mailatik datozten enpresari eta bezeroak hartzen dituzte.

Aldi berean, eskualdeak ostataleku eskaintza zabala du, hala nola, lehen mailako kanpinak, nekazal-turismoak eta hotelak. Establezimendu horietako askok berrikuntza eta kalitate programetan hartzen dute parte gaur egunean, une oro kalitatezko zerbitzu pertsonalizatua eskaintze aldera.

Debabarreneko giroa eta urteko ekitaldi egutegi zabala erakarpen turistiko dira bere horrtean. Eskualdeak urtean zehar hainbat kultur, kirol eta aisialdi ekintza izaten ditu: antzerki jardunaldiak, musika jaialdiak, nazioarteko txapelketak, gastronomia lehiaketa eta jarduerak… gainera, goraipatzekoa da Debabarreneko merkataritza eskaintza zabala.  

Azaroaren 10etik 26ra, erreserbatu zure Tripontziak menua Debabarrenean

Debabarrena eskualdean makina bat ekimen gastronomiko antolatzen dira. Epe laburrera, Tripontziak ekitaldi gastronomikoa ate joka dugu. Ostiralean emango zaio hasiera, azaroak 10, eta 17 egunez luzatuko da, azaroaren 26ra bitarte. Honela, 3 asteburu hartuko ditu aurten ekimenak, hartara herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten. 

Ekimenarekin bat egin duten establezimenduak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgain eta CalbetonJatetxeak, Lasturko Taberna, Eibarko Azitain Erretegia eta Ermuko Mendiola Jatetxea. Hauek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin proposamen gastronomiko iradokitzaile eta ezberdinak landuko dituzte prezio berezian: Tripontziak Menuak 25 eurotan.

Ekimenera atxikitu diren 7 jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak eskainiko dituzte bertako produktuetan oinarrituz. Honela, bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste.

Parte-hartzaile guztien artean honako sari hauek zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko nekazaritza-turismoko establezimendu xarmagarri batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sorta ederrak.

Klikatu hemen aurkezpeneko bideoa ikusteko.