Canal Plus kateko lantalde bat Debabarreneko BTT Zentroari buruzko saioa grabatzen izan da

2014/05/08
Canal Plus kateko lantalde bat Debabarreneko BTT Zentroari buruzko saioa grabatzen izan da
Bizikleta zaleei zuzendutako Canal + kateko “Planeta Bike” telebista programak Debabarreneko BTT Zentroari eskainiko dio maiatzean saioetako bat eta, hori dela eta, programako lantaldea Debabarrenean egon da azken hiru egunetan irudiak grabatzen. Debabarreneko BTT Zentroari eskainitako programa maiatzaren 23an emitituko dute Canal + Deportes katean.

Canal Plus kateko “Planeta Bike” programako kideak, Chus Castellanos bizikletan aditua eta Planet MTB aldizkari digitaleko arduraduna buru, Debabarreneko BTT Zentroari buruzko saioa grabatzen izan dira egunotan. Horien artean egon da Rafa Alkorta futbol jokalari ohia, aurkezleetako bat baita.

Grabazioari astelehenean ekin zioten eta atzo, asteazkena, izan zuten azken eguna. Canal Pluseko kideek Debabarreneko BTT zentroak eskaintzen dituen ibilbideak ezagutzeko eta probatzeko aukera izan dute, eskualdeko toki esanguratsuenak ezagutuz. 3 egun hauetan eskualdeko toki esanguratsuenak ezagutu dituzte, hala nola, kostaldean, Euskal Kostaldeko Geoparkean barna, flyscharen ingurua, Sakoneta eta Elorriaga, Olatz eta Lasturko bailarak, Debako hondartza, Mutrikuko hirigunea edota Karakate mendia.

Atzo goizean azken eguna izan zuten eta Debabarreneko BTT Zentroak Elgoibarren, Mintxeta kirolgunean, duen harrera gunean izan ziren irudiak hartzen; ondoren, Arratera hurbildu ziren irudi gehiago grabatzeko asmoz. Besteak beste, erreportajea osatzeko, Debegesako Turismo Saileko arduradun Cristina Iturriagagoitiarekin egin dute hitzordua, Debabarreneko BTT Zentroaren eskaintza zabala ezagutu nahirik.

Eskualdeko BTT Zentroak 15 ibilbide ditu, zailtasun eta luzapen desberdinetakoak, eskualde osoan barrena sakabanatuta.

Debabarrenari eskainitako programa maiatzaren 23an emitituko da Canal + Deportes, Canal + 2 HD eta Sportmania kateetan. ‘Planeta Bike’ saioa, 25 minutukoa, bizikleta zaleei zuzenduta dago eta, besteak beste, bizikletan egiteko ibilbideak erakustea du helburu.