Berriki abiatu du Debegesa garapen agentziak Debanatura Elkartearekin batera “Arbasoen Deia” bisita programa berria. Bisita programa honen helburua da eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta ondarea ezagutzera ematea, gure iraganean eta tradizioetan sakonduz.
“Arbasoen Deia” izenburupean, gure historian barrena 3 ibilbide proposatzen ditu egitasmoak: Dolmenen Ibilbidea, Paleolitikoko Ibilbidea Ekainen eta Praileaitzen eta Burdinolen Ibilbidea.
Hain justu, azken ibilbide hau, Burdinolen Ibilbidea, asteburu honetan egingo da estrainekoz. Debabarreneko industria eta makina erremintaren kultura ezagutzera ematea du helburu txangoak.
Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko.
Ibilbidea oinez eta trenez egingo da, gida-interprete baten azalpenek lagunduta. Hitzordua igandean izango da, goizeko 10:00etan, Mendaroko tren geltokian. Erreserbak 943191172 / 695783656 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz egin daitezke.