Bisita gidatuak Euskal Kostaldeko Geoparkean

2013/04/10
Bisita gidatuak Euskal Kostaldeko Geoparkean
Datorren asteburuko bisita gidatuen artean, bi esperientzia haurrei zuzenduta daude bereziki: “Flyscha haurrentzat” eta “Artzain Txikiak”.

Aste Santuan ekin zion Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurtengo bisita programa berriari eta azarora bitartean astebururo hamaika jarduera eta bisita gidatu eskainiko ditu.

Hain zuzen, datorren asteburura begira, Geoparkeak eskainiko dituen bisita gidatuen artean, 2 esperientzia haurrei zuzenduta daude bereziki. Bata, “Flyscha haurrentzat” eta, bestea, “Artzain Txikiak”.

Biek ala biek harrera bikaina dute bisitarien artean. 2012ko uda sasoian, interneten Euskadiko turismoaren atarian bisita gehien jaso zuten esperientzien artean “Flyscha haurrentzat” bigarren tokian zegoen. “Artzain Txikiak” esperientziaren kasuan, aurten egindako lehen irteeran, martxoaren 29an, taldea guztiz bete zen.

“Flyscha haurrentzat” irteera larunbatean eskainiko da, hilak 13. Etxeko txikienek flyscharen mundu zirraragarriaz gozatzeko aukera izango dute. Irteera honen baitan, bisitariek NAUTILUS Mutrikuko Ikasgune Geologikoa ezagutuko dute, haurrei egokitutako bisita laburrarekin. Jarraian, txikienek geologia tailer dibertigarri batean hartuko dute parte eta etxera eramango duten fosila egingo dute. Amaitzeko, itsas-irteera egingo dute Saturraran inguruko flysch beltza bertatik bertara ikusteko.

Hitzordua arratsaldeko 16:00etan da, Mutrikuko Nautilus zentroan.

“Artzain txikiak” iganderako dago aurreikusita, apirilak 14. Etxeko txikiak artzain bilakatuko dira egun batez. Hasteko, taloa egiten ikasteko tailer dibertigarria egingo dute. Taloa txorizoarekin dastatu ostean, buruan txapela eta makila eskuan hartuta, ardi Latxa artaldea ezagutuko dute eta benetako Idiazabal gazta nola egiten den ikasiko dute. Amaitzeko, ehun-tailerrean hartuko dute parte eta bertan etxera eramango duten tapiza egingo dute.

Hitzordua Lasturren goizeko 10:30etan izango da.

Bisita hauez gainera, larunbatean, apirilak 13, “Flyscheko portuak” izeneko irteera egingo da, aurten estreinatu berri den proposamena. Bisitariek itsasontziz egingo dute zeharkaldia, Zumaiatik Mutrikuraino, eta itsasoarekin harreman estua izan duen lurraldeaz gozatzeko eta bertako ondare naturala eta historikoa nahiz itsas-ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Garai bateko bizimodu, ohitura eta ekonomia-jarduera esanguratsuenak erakutsiko zaizkie bisitariei, hau da, ontzigintza Zumaian, merkataritza Deban eta  balearen arrantza Mutrikun.

Hitzordua arratsaldeko 17:00etan, Zumaian.

Euskal Kostaldeko Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute eta ondare natural, geologiko eta kultural garrantzitsua du. Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzak aukera ematen die bisitariei edozein urte garaitan bertako ondare aberatsa ezagutzeko, eta erakargarri garrantzitsuenetakoa da Gipuzkoako turismoarentzat. Irteera hauetan zientzia, natura eta kultura uztartzen dira. Aukera zabala da, publiko osoari zuzenduta.

Informazio gehiago www.geoparkea.com webgunean eskura daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, modu erraz eta erosoan, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.