Bisita gidatua eta pintxo dastaketa Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuan Tripontziak ekimenaren barruan

2023/11/07
Bisita gidatua eta pintxo dastaketa Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuan Tripontziak ekimenaren barruan

Joan den larunbatean, hogei laguneko talde batek Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutua bisitatu zuten, eta Ostalaritza eta Jatetxeetako zikloko bigarren mailako ikasleek egindako pintxoak dastatu zituzten. Honek eman dio hasiera aurten Tripontziak ekimenaren baitan antolatu diren bisita gidatuei.

Bertaratutakoek institutuan ematen den prestakuntza-eskaintza ezagutu ahal izan zuten, bai eta ikastetxeko instalazioetan zehar ibili ere: sukaldeak, kafetegia, informatikako prestakuntza-gelak eta zurgintzako, elektrizitateko eta iturgintzako ikastaroak ematen diren eremua, besteak beste. Bisitaren ondoren, Ostalaritza eta Sukaldaritza ikastaroko ikasleek goiz hartan egindako pintxoak eta Tripontziak menuetan eskaintzen diren ardoak dastatzeko aukera izan zuten partehartzaileek.  

Bisita gastronomiko eta kulturalek harrera oso ona izan dute Debabarreneko herritarren artean, gastronomikoak beteta daude, hala ere, tokia dago ostegunetako bisita kulturaletan: Mutrikuko Arrietakua jauregira, Eibarko Armagintza Museora, Debako Santa Maria elizara.

Bisita gastronomikoetan edota kulturaletan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, Debegesara (943 82 01 10) deitu beharko da astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etarako ordutegian edota turismoa@debegesa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi. Bisitak doakoak dira eta pertsona bakoitzeko lau izen-emate onartuko dira plazak agortu arte. Bisiten informazioa www.debabarrenaturismo.com webgunean dago eskuragarri. Bisita gastronomikoak nahiz eta beteta egon itxaron zerrendan apuntatzeko deitu dezakezu.

Tripontziak menuak

Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua eta Soraluzeko Txurruka jatetxeek hartuko dute parte aurtengo edizioan eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak prestatuko dituzte. Menuak 35 eurokoak dira eta barne hartzen dute aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) ditu Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa menuan sartzen dira baita eta aurten, berrikuntza gisa, jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Aimarez upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, Ehun ardo ondua eta Sagarmiña txakolinaz gozatu ahal izango da.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta dezakezu. Beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua dastatu nahi dela aipatuz.