Bertsoak, antzerkia eta poesia Aitzbeltz-eko koban Motxaila Eguna ospatzeko

2017/03/23
Bertsoak, antzerkia eta poesia Aitzbeltz-eko koban Motxaila Eguna ospatzeko
Urtero lez, Motxaila Eguna ospatuko da Debabarreneko herrian datozen ostiral eta larunbatean, martxoak 24 eta 25, hurrenez hurren. Ostiral gauean Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Jone Uriak bertso-saioa eskainiko dute San Agustin kultur gunean eta larunbatean gaztetxeak zein Aitzbeltzeko kobazuloak hainbat jarduera hartuko dituzte, hala nola, ipuinak, bertsoak, antzerki-saioak, herri bazkaria, edota jaia ixteko erromeri dantzaldia. Ez galdu aukera hau eta zatoz Mendarora festa-giroan murgiltzera!

Aspalditik entzun izan da Mendaro motxaila herria izan zela. Baina, zer esan nahi du hitz horrek? egun, motxaila hitzak konnotazio txarra du, beti lapurreta eta arazoak dakartzaten pertsonekin lotzen baita. Garai batean, aldiz, oso jende estimatua omen zen: herriz-herri joan ohi ziren, udaberri hasieran, baserrietako ardi, antxume eta bestelako animaliei ilea moztera. Horra, beraz, motxaila hitzaren jatorria, ile moz-taileak... motxailak. Badirudi motxaila horiek Mendaro zutela ohiko bizileku, hortik Debabarrenako udalerria Motxaila-herri izateren zergaitia.

2006an hasi zen Motxaila Eguna ospatzen. Aitzbeltz kobazulora ibilaldia eginez hasi zen lehen edizioa, eta horrek izandako arrakasta ikusirik, hurrengo urtean bazkaria eta iluntzeko bertso-poteoa eranstea erabaki zen.

Aurten ere Motxaila Eguna egingo da bi jardunaldiz. Hasteko, ostiralean, martxoak 25, bertso saioa eskainiko da gaueko 22:000etan San Agustin Kultur gunean. Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Jone Uria bertsolariak izango dira oholtza gainean bertso erakustaldia ematen.

Larunbatean, martxoak 25, Aitzbeltzeko koba izango da protagonista nagusia, izan ere, hainbat kultur ekintza hartuko ditu bere baitan. Goizeko 09:00etan egingo da kobarantz irteera Mendaroko gaztetxetik. Behin Aitzbeltzen, 11:00etan antzerkia, poesia errezitalak, bertsoak, ipuinak eta beste hainbat jarduera izango dira ikusgari eta gozagarri bertaratzen direnentzat. Eguerdiko 15:00etan herriko Gaztetxean bazkaria egingo da -tiketak salgai daude Aitzbeltz tabernan 10 eurotan-. Bazkal ostean, Urteko Motxaila izendapena egingo da. Arratsaldeko 19:00etan gaztetxetik triki-poteo maratoia irtengo da Mendaroko kaleetatik barrena eta eguna biribiltzeko, festari ordu txikiak arte jarraipena emanaz, 24:00etan  'Erokomeri' erromeria egingo da, bertan daudenei dantza batean jartzeko.

Kontsultatu egitarau osoa hemen eta gozatu Motxaila Egunaz!