BERDEL EGUNA – GASTRONOMIA ETA ITSAS TRADIZIOA MUTRIKUN, APIRILAREN 6AN

2019/04/04
BERDEL EGUNA – GASTRONOMIA ETA ITSAS TRADIZIOA MUTRIKUN, APIRILAREN 6AN
Badator Berdel Eguna Mutrikura, herriko jai ezagunenetako eta jendetsuenetako bat. Hemen kontatzen dizugu zertan datzan Berdel Eguna, eta zergatik ezin duzun galdu gastronomia eta tradizioa batzen dituen jai hau.

Zer da Berdel Eguna?

Datorren larunbatean, apirilak 6, Mutrikuk bere jai ezagunenetako eta jendetsuenetako bat ospatuko du: Berdel Eguna. Baina zer da Berdel Eguna?

Hasieratik hasiko gara: berdela arrain urdina da, txitxarroaren tankerakoa. Bizkarralde berdexka bereizgarriak ematen dio izena, marra beltzez josia. Asko arrantzatu izan da Euskadiko portuetan, baina pasa den mendeko 90ko hamarkadara arte, ez da asko estimatu edo erabili. Nutrizio mailan oso onuragarria den arren (proteina eta omega 3 maila altuak dauzka), kostaldeko herrietan besterik ez da erabili, tartean Mutrikun.

Horrela, 1993an mutrikuarrek arrain honen balioa ezagutzera emateko garaia ba zela erabaki zuten. Baina Berdel Eguna berdelaren askotariko onurak eta sukaldean daukan potentziala ezagutzera emateko eguna baino askoz gehiago izan zitekeela ikusi zuten, ordutik gaur arte Mutrikuko jai herrikoi garrantzitsuenetako bat bilakatu baita, itsaso eta tradizio zaporeduna. Herri guztiak parte hartzen du Berdel Egunaren prestaketetan, eta aurten, 25. edizioan, 25.000 pintxotik gora banatuko dituzte. Ohikoa erreta jatea da, baina berdela oso moldagarria izanda, dozena bat era ezberdinetan prestatuta dasta daiteke.

Mutriku, itsasoari lotutako herria

Mutrikuko herriak antzinatik datorren arrantza tradizio luzea dauka. 1200 urte inguruko dokumentuek jada erakusten dute Mutrikuarrek baleak ehizatzen zituztela; herria Nafarroako Erresumaren parte zen garaietan, erregeari Mutrikuarrek bale bat ematen zieten urtero ordainetan, eta hala geratu da islatuta herriko armarrian. Baina herriak itsasoarekin eta arrantzarekin duen harremana ez da soilik baleen ehizaren ingurukoa izan. Duela gutxira arte, Mutrikuk arrantzako flota aberatsa izan du, askotariko arrainak harrapatzen jardun duena: antxoa, hegaluzea, legatza, zapoa, txipiroiak… eta baita berdela ere. Sasoia otsailetik apirilera arte luzatzen da, eta gaur egun ere modu tradizionalean harrapatzen da, amuarekin.

Jai eguna

Berdel Eguna bera apirilaren lehen larunbatean izaten den arren, ospakizunak aurreko astean hasi ziren, Berdel Aipamenaren entregarekin. Sari hau Berdel Eguna baino aste bat lehenago ematen da, Mutrikurekin lotura nabarmena duten pertsona edo elkarteei, edota herriarentzako onura handia lortzeko lan egin dutenei. 2019ko Berdel Aipamena Mutrikuko Gaztetxeari eman zaio.

2019an, Berdel Eguna apirilaren 6an ospatuko da, eta urtero bezala, ekintzaz betetako egitaraua dakar. Goizeko 10:30etik aurrera Txurruka Plazan egongo den artisauen merkatuak emango die eguneko ospakizunei hasiera. 12:00etatik aurrera, Mutrikuko alde zaharreko tabernetan ohikoa den “pintxo-potea” egingo da, herriko establezimenduek prestatutako proposamenak dastatzeko aukera emango duena. Ordu berean, portuan XIV. Belauntzi Txapelketa hasiko da, guztia herriko trikitilariek alaituta. Gainera, 13:00etan Zabiel Plazan Mutrikuko Abesbatzak kontzertua eskainiko du. Eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, portuan pintxo dastaketa izango da, eta jarraian, 20:00etan, Enkore taldearen kontzertua. Aurtengo ediziorako 25.000 pintxo inguru banatuko dira, zortzi modu ezberdinetan prestatuta: berdel errea, berdel marmitakoa, berdel piperrada, berdel budina, txaka berdelarekin, berdela sasoiko ilarrekin, eta Suediar estiloan ketutako berdela.

Eta ezin baduzu larunbat honetarako Mutrikura etorri, ez larritu! Egiteko eta ikusteko aukera zabala dago urte guztian zehar Mutrikun. Lehenik eta behin, erdigune historikoa, Monumentu Multzo izendatua besteak beste, Arrietakua Jauregia hartzen duena, Mutrikuko Kondearen bizilekua, bisita gidatuetarako irekia. Natura maite dutenek ederki gozatuko dute, Mutriku Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearen parte baita. Hondartza ederrak, itsaslabar txundigarriak eta bailara ezkutuak, denetik aurki daiteke, baita ur gaziko igerilekuak ere portuan bertan. Mutriku, gainera, Donejakue Bidean kokatuta dago, Kostako Bidea deritzon adarrean, Kantauri isurialdetik doana. Mutrikuk itsas zaporea urte osoan zehar eskaintzen dizu.