Arbe Hotelak Turismo Saria jaso du

2015/10/21
Arbe Hotelak Turismo Saria jaso du
Eusko Jaurlaritzak 2015eko Merkataritza eta Turismo sariak banatu zituen atzo, jarduera horietan dihardutenen berrikuntza, lehiakortasuna eta ibilbide profesionala nabarmenduz.

Iñigo Urkullu lehendakariak 2015eko Merkataritza eta Turismo Sariak banatu zituen atzo arratsaldean Bilbon egindako ekitaldian, eta, besteak beste, Mutrikuko Arbe Hotela saritu dute. Honek Berrikuntzari Bultzada Turismo Saria jaso du.

2008an ireki zuten Arbe hotela Itziar Sukia eta Iñaki Arin senar-emazteek, eta ordutik hotelaren kudeaketaz arduratzen dira. Deba eta Mutrikuren artean kokatua, Euskal Kostaldeko Geoparkean, diseinu abangoardista duen hotel modernoa da.

Sari banaketa ekitaldira eskualdeko ordezkaritza zabala joan zen, horien artean, Mutriku eta Debako udaletako ordezkariak, alkateak buru, bi herrietako Turismo Bulegoetako arduradunak, Debegesa garapen agentziako ordezkariak, zuzendaria eta Turismo Saileko teknikariak eta Iñaki Arin, Sara alabarekin lagunduta.

Hotelak 11 gela ditu, haietatik 10 bikoitz (geletako bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzat guztiz prestatuta dago, eta beste bat banakoek erabiltzeko), bai eta junior suite bat ere. Eta hori guztia berrikuntzaren aldeko apustuarekin bat eginez.

Saria ematerako orduan, hurrengo arrazoi hauek nabarmendu nahi izan dituzte, besteak beste:

  • - Geotermia bidezko airea girotzeko instalazioa
  • - Energia modu eraginkorrean kudeatzea
  • - Hatz-markazko sarraila
  • - Pintura ekologikoa
  • - Natura-baliabideen aprobetxamendua
  • - Kare-kontrako sistema
  • - Garbigarri ekologikoak
  • - Gosaltzeko produktu ekologikoak

 

*Turismo Sariak 2015. Informazio gehiago eta argazkiak