Arbasoen Deia, Debabarreneko sustraietara bidaia

2012/06/13
Arbasoen Deia, Debabarreneko sustraietara bidaia
• "Arbasoen Deia" Debabarreneko historiako sekretuetako batzuk ezagutzeko bisita gidatu programa berria abiatu du Debegesa Garapen Agentziak Debanatura elkartearekin batera. • Debabarrena eskualdeko historia eta paisaia kulturalean barrena, 3 ibilbide eskainiko dira ekainaren 16tik aurrera.

Ekain, Praileaitz, Astigarraga kobazuloa, Ermittia, Arbil, Arriola ingurua, Karakate, Makina-Erremintaren Museoa... hauexek dira, besteak beste, Debegesa garapen agentziak sustaturiko “Arbasoen Deia” bisita programa berriaren geltoki nagusiak.

Gure arbasoen aztarnari jarraitzea, horixe proposatzen digu egitasmo interesgarri honek. Bisita programa berri honen helburua da eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta ondarea ezagutzera ematea, gure iraganean eta tradizioetan sakonduz.

“Arbasoen Deia” izenburupean, gure historian barrena 3 ibilbide proposatzen dizkigu egitasmoak:

  •  DOLMENEN IBILBIDEA
  • PALEOLITIKOKO IBILBIDEA, EKAIN ETA PRAILEAITZ
  • BURDINOLEN IBILBIDEA, DEBA IBAIAN

 

Debegesako Turismo Saileko arduradun Cristina Iturriagagoitiaren hitzetan, “programa pilotu bat da, eta harrera ona badu, eskualdeko gainerako herrietara zabal liteke aurrerago. Debabarreneko historia eta ondarea errekurtso erakargarri bihurtu nahi ditugu, bisitariak eskualdera erakartzeko. Baina, lehendabizi, ezinbestekoa da bertako zein inguruko herrietako biztanleek euren historia ezagutzea eta bertako partaide direla sentitzea, eta horixe da hain zuzen orain gure erronka nagusia. Konbentzituta gaude Debabarreneko Historiak interes handiko eduki ugari dituela, bai aurrehistorian baita gertuko historian ere”. 

Lehen hitzordua, ekainaren 16an: DOLMENEN IBILBIDEA

Datorren larunbatean, ekainaren 16an, egingo da lehendabiziko irteera, Dolmenen Ibilbidearekin. Debanatura Elkarteko kideen laguntzarekin, artzainen kulturaren aztarna adierazgarrienak ezagutuko dituzte bisitariek, hala nola, trikuharriak eta tumuluak.

Izan ere, Euskal Herriko begiralekurik onenetarikoa den Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, trikuharri eta tumuluen kontzentrazio handia aurkitzen da. D. Jose Miguel Barandiaran berak ere Trikuharrien Ibilbidea izena eman zion ingurune honi. Euskal artzainen eta nomaden aztarnak jarraituz, ibilbide interesgarria burutuko dute bisitariek Soraluze eta Elgoibarko inguruetan. Gainera, geldialditxo bat egiteko aukera eskainiko zaie eskualdeko sagardoa, gazta eta ogia dastatzeko.

Irteera goizeko 10:00etan egingo da, Karakateko parkingetik, eta ibilbideak 3 orduko iraupena izango du gutxi gorabehera.

* Domenen Ibilbidea egiteko hurrengo datak honakoak dira: uztailak 8, irailak 16 eta 30, urriak 12 eta 21, azaroak 11 eta 25.

Paleolitikoaren Ibilbideari dagokionean, 2 aukera edo bide proposatzen dira. Lehenak Ekaingo kobara eramango gaitu. Paleolitoko margoen pista jarraituz, Ibilbide honetan duela 200.000 urte arteko labar pinturak aurkitu diren kobazuloak bisitatuko dira. Euskal Herrian aurkitutako labar pinturarik zaharrenak ezkutatzen dituen Astigarraga kobazulora gerturako dira lehenbizi bisitariak (Deba) eta, ondoren, Ekaingo kobazuloa ikusi eta bere erreplika bisitatuko dute, Zestoan.

Beste aukera bat, Debako inguruetan historiaurreko hainbat kobazulo garrantzitsu ezagutzeko aukera eskaintzen duen txango zirkularra egitea da. Besteak beste, Ermittia, Praileaitz eta Arbil kobazuloak. Frantziako Dordogne eskualdearen atzetik, Goi Paleolitikoko nukleorik garrantzitsuena da honakoa. Ibilbidea borobiltzeko, Saka Perlakua jatetxean txorizo mutur bat janez indarrak berreskuratu ahal izango dute bisitariek. 

* Praileaitzeko ibilbidea datorren irailaren 1erako aurreikusi da eta Ekaingoa, berriz, abenduaren 8rako.

Azkenik, Burdinolen Ibilbideak Debabarreneko industria eta makina erremintaren kultura ezagutzera ematea du helburu.

Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko.

* Ibilbide hau honako egunetan eskainiko da: Ekainak 24, Uztailak 15, Irailak 9, Irailak 23, Urriak 14, Urriak 28, Azaroak 4, eta Abenduak 6.

Ibilbideak gehienbat oinez egiteko dira, gida-adituen azalpenek lagunduta, eta 7-10 urtetik gorako haurrentzat ere gomendagarriak dira (ibilbidearen arabera). Bisiten egunak eta gainerako informazio baliagarria www.debabarrenaturismo.com webgunean eskura dute herritarrek.

Erreserbak, aldiz, 943191172 / 695783656 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz egin daitezke.